Durango eta Durangaldeko hainbat alkate, zinegotzi eta erakundetako ordezkari batu zituen martitzenean igerileku berrien inaugurazioak. David Meca eta Richard Oribe igerilariak ere izan ziren.
\"Gaztetan horrelako igerilekuetan aritzeko aukera izan banu!\", esanez goraipatu zituen David Meca igerilari ezagunak inauguratu berri zituzten igerilekuak. \"Badakit denbora luzean zain egon zaretela, baina aurrerantzean gozatzea bakarrik geratzen zaizue\", animatu zituen bertaratu zirenak. Oribe igerilari paraolinpikoari ere asko gustatu zitzaizkion azpiegitura berriak; donostiarrak estreinatu zituen ofizialki joan-etorri bat osatuz.
Aitziber Irigorasek proiektu hau aurrera eramateko lan egin duten guztiak gogoratu zituen esker onez, Pilar Ardanza eta Juan Jose Ziarrusta alkate ohiak, besteak beste.
Beste gonbidatu berezietako bat Javier Berasategi izan zen. Orain 43 urte Tabirako igerilekuak inauguratu zituen eta inaugurazio ekitaldiko berbaldian sasoi hartako kuriositateak gogoratu zituen.
Inaugurazio formalaren ondoren, hainbat erakustaldi eskaini zituzten igerilekuetan. Oskar Vila abadiñarra -Galdakaoko klubean dabil- eta Portugaleteko taldea erreleboka aritu ziren igeriketako estilo anitzak erakutsiz. Sestaoko taldekoek igeriketa sinkronizatuko saioa eskaini zuten. Bertarako zirenek gogotik txalotu zituzten erakustaldiak.