Tabira auzoan gune berdea, txin-txaunak eta Kiroleneren eraikin berria egokitzeko proposamena

Anboto 2010ko api. 20a, 12:19

Durango Maite Dugulako ekimenagaz bat eginda, Durangoko ezker abertzaleak Tabira auzoak etorkizunean izan beharko lukeen garapen ereduaren gaineko hausnarketa egin du. Oier Perez ezker abertzaleko zinegotziaren esanetan, han aurreikusita dauden etxebizitzak \"ez dira beharrezkoak\", Euskal Herriko herrietan batez beste etxebizitzen %20a hutsik dagoenean. Horren ordez, inguru haren izaera soziala (parkean hartu-emanetarako gune aproposa delako) sendotzea nahi duen alternatiba aurkeztu dute. Ildo horretatik, gaur egun Fundifesek hartzen duen lur-zatian eta handik Tabirako futbola zelaiara arte doan zatian gune berdea, haurrentzako txin-txaunak eta Kirolene kirol irakaskuntzen eskolaren eraikin berria aurreikusten ditu ezker abertzaleak landutako alternatibak. Gune berdeari dagokionez, Durangon holango parkeen beharrizana dagoela azpimarratu dute. Parkearen ezaugarri nagusienetakoa erabilgarritasuna litzateke: \"Ez dugu postal baterako argazkia izan dadin nahi. Jendeak erabil dezala nahi dugu\". Txin-txaunen arloan ere gabezia ei dago Durangon. Hirigintza batzordean behin baino gehiagotan planteatu dute beharrizan hori eta gune berde berriak txin-txaunak bertan egokitzeko aukera ona eskainiko lukeela uste dute. Estalitako gunea izango litzateke urteko sasoi guztietan erabilera bermatuz.

Kirolene kirol irakaskuntza

Kirolene kirol irakaskuntzen eskola hara eramatea proposatu dute. Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen ildo horretako eskola bakarra da eta proiektu hori sendotzeari garrantzia handia ematen diote. Kiroleneren eragina eta entzutea nazioartean zabaltzen da Durangok \"ezin du erreferentzialtasun hori galtzea onartu\". Kirolenegaz batzartu ondoren eta euren beharrizanak jakinda egin du ezker abertzaleak Kirolene Tabira auzoan kokatzeko proposamena. Aurretik, orain urte bi, Kiroleneko arduradunak proposamen bera egin zuten Udalean eta hirigintza batzordea aldeko jarrera erakutsi zuen, \"baina kontua hantxe geratu zen\". Orain San Ignacio auzunean dago Kirolene eta \"hazkuntzarako trabak\" dituzte han. Horregatik, \"beste herriren batek kanpora eraman aurretik, hazkuntzarako azpiegitura aproposak eskaini behar zaizkiela uste dugu\", Perezen iritziz. Azpiegitura berriak 1.000 ikasle hartuko lituzke, batzuk kanpokoak, eta horrek \"onura ekarriko lioke hostalaritzari\". Kirolenek kirol arloko azpiegitura berriak beharko lituzke, baina eremu hartan dagoeneko badaudenak ere erabili daitezke (futbol zelaia, kiroldegia…), beraz inbertsioa \"ez litzateke hain garestia izango\". Azpiegitura horiek herritarren beharrizanekin partekatzeko eta bateratzeko beharra azpamarratu dute proiektu osoaren izaera sozialagaz bat eginez.

Herri batzarra

Jakinarazi dutenez, eguaztenean (apirilak 21), 19:00etan, herri batzarra egingo dute Ibaizabal ikastolan. Orduan herritarrei proposamenaren nondik norakoak azalduko dizkiete eta beste batzar baterako hitzordua jarriko dute, herritarren ekarpenak jasotzeko. Ondoren, proiektua osatu eta hirigintza batzordera eramango dute. Aurretik, beste alderdiei ere Kirolenek jakinarazitakoa azaltzeko borondatea erakutsi dute hala nahi izanez gero. [img]http://www.anboto.org/images/7400/7433/1.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!