Tabirakok eta Anbotok euskara eta kirola uztartzeko hitzarmena sinatu dute

Anboto 2010ko mar. 26a, 09:08

Durangoko Tabirako saskibaloi taldeak eta Anboto Komunikabideak-ek hitzarmena sinatu dute. Euskara eta kirola batzeko ahaleginean, bi elkarteek lankidetzarako bidean urrats berriak emateari ekin diote.

Durangoko Tabirako saskibaloi taldeak eta Anboto Komunikabideak-ek hitzarmena sinatu zuten atzo. Euskara eta kirola batzeko ahaleginean, bi elkarteek lankidetzarako bidean urrats berriak emateari ekin diote. \"Anboto Tabirakoren babeslea izatea garrantzitsua da herrian hain errotuta dagoen talde bati bultzada emateko\", dio Jone Guenetxea Anbotoko zuzendariak. Auzolanean dihardute talde-lanari emaitzei baino garrantzia gehiago emanez, eta ahalegin hori txalotzekoa dela deritzot\", gaineratu du. Tabirakoren presidentea den Hilario Perezek poztasunez hartu du akordioa. \"Anboto lako proiektu bategaz bat gatoz, euskara bultzatuz eta kirolean ematen ditugun urratsak bere komunikabideetan agertuz\".

Urtemuga

Tabirakorendako urte berezia da hau, eta Anbotok bidelagun izan gura du. Aurten taldearen 50. urtemuga gogora ekartzeko egitarau zabala antolatu dute, urte guztian. Hurrengo hilabeteetarako ekintza ugari prestatzen dihardute. Maiatzean emakumezkoen selekzioen topaketa antolatuko dute. Ekainean, berriz, gizonezkoen kadeteen selekzioen estatu mailako txapelketa eta entrenatzaileen klinika. Denboraldi amaierako bazkaria eta 50. urtemugako amaieragaz Landako Gunea beteko dute. Gainera, III. Tabirako-Sukia Uda Eskola ere prestatzen dabiltza. Urteurrenaren dokumentalean taldearen historia jasoko dute, bestalde.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!