Hileko azken asteko astearteetan izango dira hemendik aurrera. Zinegotzi baten ordutegi arazoek eragin dute aldaketa.
Atzoko (martxoak 25) udabaltzarrean hemendik aurrera Durangoko udalbatzarrak hileko azken ostegunetan beharrean, hileko azken astearteetan izatea onartu zuten. EAJ, PSE-EE, PP eta Aralarrek alde bozkatu zuten; Talde Mistoak, aldiz, kontra.
PSE-EEko zinegotzi Pilar Riosek adierazi zuenez, \"aldaketa garrantzitsua da, urte askoan ez delako holakorik eman\": \"Eskatzen duguna da, hurrengo batean beste norbaiti antzerako arazoren bat suertatzen bazaio, guztion aldetik kontsiderazio bera izan dadila\".
Oier Perez Talde Mistoko zinegotziak ezezko boto arrazoitu zuen: \"Egun aldaketarekin baino udabalbatzarraren orduarekin ez gaude ados. 17:00etan jende asko lanean dago oraindik eta, horregatik, 19:00etan izan beharko liratekeela uste dugu\". Horrez gainera, zera gogoratu zuen: \"Aldaketa ulertu dezakegu, baina bere sasoian aldaketa eskatu duen horrek berba batzuk esan zizkion inkonpatibilitate arazoak zituen beste bati eta koherentzia falta ere ikusten dugu\".
Hartutako erabakiak hiru salbuespen ditu urtean zehar. Uztailetan eta abenduetan hileko hirugarren astearteetan izango dira udalbatzarrak. Abuztuetan ez da udalbatzarrik izango.
Mankomunitate ordezkari aldaketa
Atzoko udalbatzarrean hainbat konturen berri eman zuten. Batetik, orain arte Durangaldeko Amankomunazgoko PSE-EEren ordezkaria Pilar Rios izan da eta hemendik aurrera Fernando Castillo izango da. Bestetik, Durango Kirolak-en eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolan PSE-EEren ordezkaria Fernando Castillo izan da eta hemendik aurrera Pilar Rios izango da.
Tokiko inbertsioak
Tokiko inbertsioei dagokionez bere sasoian 11 proiektu onartu zituzten eta proiektu horiek zer egoeratan dauden berri ere eman zuen Aitziber Irigoras alkateak.
Proiektu bi esleituta daude:
- Sofware informatikoa jartzea: 11.900 euro
- Ikastetxe publikoen ohiko gastuei aurre egitea: 315.000 euro.
Sei proiektu eskaintza epean daude (martxoaren 30an amaitzen da epea):
- Etxezarreta Jauregiko irisgarritasun lanak: 325.000 euro.
- UdalGIS sistema ezartzea: 88.200 euro.
- Tabirako igerilekuen aldagelak berriztatzea: 418.900 euro.
- Udal eraikinetan energia errentagarritasuna hobetzeko obrak egitea (Udaletxea, landako kiroldegia…): 337.200 euro.
- Edateko uraren galerak gutxitzeko lanak: 699.900 euro.
- Udal argiteriaren eragingarritasuna hobetzeko obrak: 318.700 euro.
Hiru proiektu prozesu negoziatuen bidez emango dira. Gonbidatu bakoitzari proposamena iristean, egun horretatik 10 eguneko epea dago erantzuna jasotzeko.
- Galtzareta eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko obrak: 196.400 euro.
- Azokan komunak eta aldagelak atontzeko lanak: 99.800 euro.
- Bidegorriaren bosgarren zatia egitea: 200.400 euro.
Funfifeseko langileak
Atzo ere Fundifeseko hainbat langile izan ziren udalbatzarrean. Ondorioz, ertzaintzaren furgoneta bi egon ziren udaletxe parean. Fundifeseko langileek ez zuten hitzik eskatu eta ez zen
liskarrik gertatu.