Mikeldiko idoloaren kopiak kokaleku berria du, izen bereko kalean

Anboto 2010ko api. 7a, 15:05
Mikeldi kalearen amaieran eta zubi berriaren artean egongo da idoloaren kopia hemendik aurrera. \"Mikeldiko benetako idoloa, originala, hantxe aurkitu zela gogorarazteko aukeratu dugu toki hori\", adierazi du Aitziber Irigoras alkateak.
Mikeldiko idoloaren kopia, oraintsu arte Ezkurdiko plazan zegoena, Mikeldi kalera tokialdatu dute eta huraxe du kokaleku berria eguaztenaz geroztik. Idoloaren kopia hori 70eko hamarkdan egin zuten eta orduz geroztik Ezkurdiko plazan egon da. Plaza hori berriztatu zenean handik kendu eta beste toki esanguratsu batera eramateko erabakia hartu zuten; eta toki esanguratsu hori Mikeldi kalean, zubi berriaren ondoan dago: \"Mikeldiko benetako idoloa, originala, hantxe aurkitu zela gogorarazteko aukeratu dugu toki hori. San Bixente ermita inguru horretan egon zen eta XIX mendearen bigarren erdialdean aurkitu zuten idoloa zonalde hartan\", adierazi du Aitziber Irigoras alkateak. Benetako Mikeldiko idoloa Bilboko Euskal Museoan (Unamuno plazan) dago. Artelan hori Durangora ekarri asmoz, iaz museoko arduradunei idatzi bat bidali zien Durangoko Udalak alde bien \"hartuemanen abiapuntu\" izateko asmoz, baina \"oraindik ez dugu ernatzunik jaso\" Horiek horrela, Irigorasek jakinarazi duenez, hile honen barruan beste idatzi bat bidaliko diete. Hartuemanei ekitea izango du helburu idatziak, baina beste informazio bat jaso guran ere baliatuko dute; izan ere, \"ez dago argi Mikeldiko idoloaren titulartasuna norena den eta nola iritsi zen Bilbora\". Beraz, \"arlo horretako agiririk edo informaziorik baduten ere galdetuko diegu\". Inoiz idoloa Durangora ekartzea lortuko balute Arte eta Historia Museoan \"espazio aproposa\" dagoela azaldu du Durangoko alkateak: \"Liburutegi berria egin zenean Arte eta Historia Museoan zegoen artxibo historikoa haraxe tokialdatu genuen eta espazio hori toki duina litzateke\". Kurutze santua dagoen tokia atondu eta Kurutzea bertan ezarri zutenean, idoloa bertara alda zitekeela pentsatu zen, \"baina biak toki beran ipintzea ez zitzaigun zentzuduna iruditu\". Mikeldiko idoloa Kristo Aurreko VI.etik IV.mendera artean egin zutela uste da, Euskal Museoko informazioen arabera. Oinean artean eguzkia eta ilargia ageri diren disko borobil bat du. [img]http://www.anboto.org/images/7300/7350/1.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!