Panamako Chorrillo distrituko Bonifacio Pereira zentroa berriztatuta eta martxan dago dagoeneko, eta eraikin hartako solairu bat baliatuko dute Maristek euren proiektua abiarazteko.
Panaman heziketa profesionaleko ikasketak martxan ipintzeko proposatu zion, orain hiru urte, Carmelo Gorrotxategik -23 urtean Panaman bizitako jesuitak- Maristak ikastetxeari. Ideia interesgarria iruditu zitzaien eta, beste bilbotar bategaz hirukotea osatuz, elkarlanean ibili dira harrezkero.
Panamako Chorrillo distrituko Bonifacio Pereira zentroa berriztatuta eta martxan dago dagoeneko, eta eraikin hartako solairu bat baliatuko dute Maristek euren proiektua abiarazteko: iraupen luzeko lanbide heziketako ikasketak (2.000 ordukoak), elektrizitatea espezialitatean. Okerrik ezean, apirilean -beranduen maiatzean- hasiko dituzte klaseak, 50 bat ikaslegaz.
Horretarako, zentroko irakasle izango direnetako bi Durangon izan dira hamar egunez. Carlos Emilio Garrido eta Ricardo Barreda atzo itzuli ziren Panamara, \"oso aberatsa\" suertatu zaien egonaldiaren ondoren.
Chorrilloko gazteek \"bizimodu gaitza eta aldrebesa\" daramatela dio Barredak: \"Pobrezia dago, eta gazteak bandetan batzen dira\". Horregatik erabaki zuten proiektua han aurrera eramatea: \"Etorkizunari bermeagaz aurre egiteko heziketa eskaini gura diegu\".
Chorrillotik gertu dagoen Panamako kanala handitu egin gura dute. Lan horietarako \"eskulan kualifikatua beharko dute, eta hor lan egiteko zein beste proiektu batzuetarako prestatu gura ditugu gazteak\", dio Garridok.
Irakasle biek hamar egun eman dituzte Durangon: \"Maristetako zein beste toki batzuetako ekipoak eta teknologia ikusi ditugu. Ikusitako ekipo batzuk baditugu Panaman, eta horiei arreta berezia ipini diegu. Asko ikasi dugu eta baliagarri geratu zaigu\".
Turismoa egiteko ere atera dute denbora; esaterako, Gernikako arbola bisitatu dute. Bitxikeria bat: onartu dutenez, bizitzan lehenengo bider hementxe ukitu ahal izan dute elurra.