III. Durango Ardo Saltsan ferian ardo eta delikatessen jakiak dastagai

Anboto 2010ko mar. 13a, 10:00

Landako Guneak eta Saltsan Catering-ek III. Durango Ardo Saltsan feria antolatu dute gaurko. Ardoaz gainera, bestelako produktuak dastatzeko aukera ere izaten ari dira bertara joan direnak.

Landako Guneak eta Saltsan Catering-ek III. Durango Ardo Saltsan feria antolatu dute gaurko. Roberto Sarriugartek azaldu duenez, Saltsanen helburua \"ardo eta delikatessen feria kontsolidatzen joatea da, eta horretarako kalitatea azpimarratzen dugu\". Hitzordu gastronomiko honetan hainbat herrialdetako 66 upategi bildu dira. Sarriugartek dioenez, \"helburua ez da gero eta handiagoa izatea, baina aurten apur bat hazi gara, iaz 56 upategi zeuden-eta ferian; aurten, aldiz, 66\". Feriaren bitartez, antolatzaileek \"kontsumitzaileei delikatessen elikagaiak eta Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko (Alemania, Frantzia eta Italia) upategirik garrantzitsuenetako ardoak ezagutarazi gura dizkiegu\". Hitzordu gastronomiko honetan, ardoaz gain, bestelako produktuak dastatzeko aukera ere izaten ari dira bertara joaten direnak; hala nola, olioa, urdaiazpiko iberikoa, ahatea eta haren produktu eratorriak, izokin ketua, kafea eta herrialde ugaritako urak. Roberto Sarriugartek azaldu duenez, \"lehenengoz kabiarra dastatzeko aukera ere izan da\". Feriara hurreratu direnek dastatzen duten produktuak erosteko aukera daukate, dendan baino merkeago. Beste jarduera batzuk ere badira; barista batek marrazkiak egingo ditu kafeagaz, urdaiazpiko mozketa egingo dute, Eusko Label produktuekin egindako txikikazko sukaldaritza standa dago, eta upelgile batek barrika bat egingo du. Azoka dela-eta, Durangora datorren jendea herrian geratzeko helburuagaz eskaintza berezi bat prestatu du Turismo Bulegoak; 48 euroren truk, ostatua, gosaria eta azokarako sarrera. Antolatzaileek, ez dute egun bateko kontua bakarrik izaterik gura, beraz, asteazkenean, kabiar dastaketa egin zuten eta eguenean Done Jakue ardatz hartuta sei ardo dastatu zituzten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!