Aste honetan eta aurrekoan Durangoko udalbatzarra osatzen duten alderdiek aurrekontuen gaineko euren iritzia argitu dute prentsaurrekoetan. Hala ere, atzoko udalbatzarrean, espero zitekeenez eta urte bi aurrekontuak luzatuta funtzionatu dutela kontuan hartuta, hainbat konturen inguruan eztabaidatu zuten eta bakoitzak bere jarrera defendatu zuen. Adostasun batzuetara ere iritsi ziren.
Aste honetan eta aurrekoan Durangoko udalbatzarra osatzen duten alderdiek aurrekontuen gaineko euren iritzia argitu dute prentsaurrekoetan. Hala ere, atzoko udalbatzarrean, espero zitekeenez eta urte bi aurrekontuak luzatuta funtzionatu dutela kontuan hartuta, hainbat konturen inguruan eztabaidatu zuten eta bakoitzak bere jarrera defendatu zuen. Adostasun batzuetara ere iritsi ziren. Hona segidan gai batzuen inguruan azaldu zituzten iritziakPSE-EEren eta EAJren arteko akordioa
PSE-EEk argitu zuenez, \"egia da gure eta EAJren arteko negoziazioen abiapuntua egonkortasun instituzionalerako akordioa izan dela, baina ez da arrazoi nagusia. Behin negoziatzen hasita, alde bietatik borondatea egon delako etorri da akordioa\". Ritxar Alberdi Talde Mistoko zinegotziak guztiz kontrara ikusi zuen akordioaren nondik norakoa: \"Zuek ezetz diozue, baina nire ustez egonkortasun instituzionalerako akordio horren ondorio da zuek eta EAJk aurkeztutako aurrekontu zirriborroaren oinarria\".
Aitziber Irigoras alkateak \"urtero urtero\" saiatu izan direla akordioetara iristen azpimarratu zuen: \"Aurten lortu ditugu akordio batzuk eta fede onez eta leialtasunez lortu dira\".
Aralarren mozio biren gainean
Aralarren lehenengo bi zuzenketek (botaketan biak onartuak izango ziren) zera eskatzen zuten: Tabira kiroldegian hutsik geratuko den espazioan rokodromoa eta skate pista egiteko proiektua egitea eta antzinako San Agustin Monastegian zerbitzu sozial guztiak batzea. Pilar Rios sozialistak asmoak \"ez hainbeste mugatzeko\" eskatu zuen eta \"beharrizanak zehaztuko dituen azterketa bat egitea\" proposatu, batez ere, San Agustingo Monastegiko asmoari dagokionez: \"Guk eraikin hori hirugarren adineko zerbitzuetarako bideratuko genuke, zerbitzu sozialekin nahastu barik\".
Dani Maeztu Aralarreko zinegotziak proposamena onartu zuen: \"Prest gaude eztabaida zabaltzeko dagokion batzordean eta beste aukera batzuk ikusteko. Alde horretatik ez dago arazorik\".
PP ere ados agertu zen: \"Alde bozkatuko dugu, eraikin horietan zer egin daitekeen erabakitzeko azterketa egiteari interesgarri deritzogu\".
Talde Mistoa abstenitu egin zen emendakin bietan. Gizarte zerbitzuak eraikin batean batzearen alde daudela adierazi zuten, baina lehenengo Mankomunitateagaz hitz egiteko beharra dagoela: \"Mankomunitatearen gizarte zerbitzuak eta Udalarenak eraikin berean batu behar liratekeela uste dugu, denak gune berean egon daitezen\".
Aurrekontu parte-hartzaileak
Aralarrek eta Talde Mistoak bat egin zuten aurrekontuak osatu orduan \"herritarren parte-hartzea bultzatu eta haien iritzia kontuan hartu\" behar dela esatean. Aurtengo aurrekontuak, aitzitik, parte hartzearen ikuspegitik \"guztiz itxiak\" izan direla salatu zuen Ritxar Alberdik.
Dani Maezturen ustez, orokorrean ados egon arren, \"seguruenik ez dugu eredu parte hartzaile bera defendatzen\": \"Lehenengo eta behin ez dagoelako eredu bakarra. Eskualdeano dagoen parte hartze kultura ikusita, uste dugu behintzat inbertsioen atala parte hartzaileago egin beharko litzatekeela\". Ritxar Alberdik argitu zuenez, \"ordenean ez gaude ados\": \"Aralarren emendakinak lehenengo inbertsioak aurkeztea aurreikusten du eta ondoren herritarrei galdetzea. Alderantziz egin beharko litzatekeela uste dugu, aukera guztiak lehenengo herritarrei zabalduz. Proposamenarekin ados gaude, ordena aldatuko genuke, beste barik\".
PSE-EEk ere eman zuen gai honekiko iritzia: \"Dotore geratzen da herritarren parte-hartzearen aldeko aldarria egitea. Eta egotez, ados gaude. Baina errealitateak erakutsi digu Talde Mistoak ez duela aurrekontuetan parte hartu eta ezta foru parte-hartzaileetan ere\". Talde Mistoak gezurtatu egin zuen hori eta parte hartzen dutela aldarrikatu.
Diru-atalen desglosea
PPk eta Talde Mistoak behin baino gehiagotan salatu dute sail batzutako diru-atalak ez direla desglosatuta eman. \"Informazioa nahita ezkutatu dute\", Ritxar Alberdiren iritziz eta hori prozesu parte-hartzaileagaz lotuz, \"guri ezkutatzen badigute, zelan hartuko dute herritarren iritzia kontutan?\" galdetu zuen. PPko zinegotzi Cristina Ibarrolak aurrekontuak osatu orduan \"iluntasuna\" nabaritu du, \"sail batzutan datu eta zenbaki orokorrak\" agertzen zirelako eta \"ez zegoelako argi dirua zertara bideratzen zen\".
Aitziber Irigoras alkateak erabilitako prozedura defendatu zuen: \"Batzorde ugari izan dira galderak egiteko eta Gobernu Taldeko denok zuen esanetara jarri gara azalpenak emateko. Galderak egon dira eta erantzunak jaso dituzue. Erantzunak ez badira nahikoa izan, denbora egon da gehiago galdetzeko\". PPko Cristina Ibarrolak galderak erantzun dituztela onartu zuen, baina \"gure ustez, ez dira erantzun argigarriak izan\".
Euskararen normalkuntza
Talde Mistoak eta Aralarrek aurrekontuen zirriborroa gazteleraz bakarrik jaso izana salatu zuten: \"Atzo jaso genuen euskarazko testua eta hor ere ez dago dena euskaraz. Hori eredu moduan hartu daiteke hizkuntza biek (gaztelerak eta euskarak) zer trataera ezberdin duten ikusteko\", adierazi zuen Dani Maeztuk. Argudio horiekin bat egin zuen ondoren Ritxar Alberdik eta \"euskara teknikari baten beharra\" azpimarratu zuen.
Aurrekontu abertzaleak
PPk \"abertzaletzat\" jo zituen aurtengo aurrekontuak eta PSE-EEri filosofia hori aldatzeko aukera \"alperrik galdu\" duela leporatu zion. PSE-EEko zinegotzi Pilar Riosek \"aukera aprobetxatu\" dutela adierazi zuen: \"Aurtengo aurrekontuak sozialistagoak dira\".
Ritxar Alberdik euskararen programari bideratutako atala plazaratu zuen: aurrekontu osoaren %0,94a; euskarazko ekintzetara bideratutakoa %0,45a: \"Aurrekontu hauek \'nacionalistak\' direla dio PPk eta ados gaude, baina \'nacionalista\' espainiarrak dira eta ez euskaldunak\".
24 milioi euroko kreditu aldarazpenak
Gobernu Taldeak aurrekontuak osatu orduan krisi egoerara \"doitu\" behar izan dutela adierazi izan du eta baita orain urte biko aurrekontuekin alderatuta sei bat miloi gutxiagoko aurrekontua dagoela ere. PPk hori horrela dela onartu arren, azken urteetan \"24 milioiko kreditu aldarazpenak\" eman direla salatu zuen, doitasuna zalantzan ipiniz. Aitziber Irigorasek baietz esan zuen, \"baina horietako asko PPren aldeko botoagaz onartu dira\". PSE-EEk ere gauza bera gogoratu eta PPren kritika \"zentzunik gabekoa\" dela gaineratu zuen. PPk azken urte bietan aurrekontuak onartu gabe jardun izan dutelako eman dutela baiezkoa argudiatu zuen.