Aurrekontu proposamenaren kontra bozkatuko dutela iragarri du Durangoko PPk. Gobernu Taldeak \"ez du negoziaziorako borondaterik erakutsi\", diote.
Gobernu Taldeak aurkeztutako
aurrekontu proposamenaren gaineko iritzia argitu du Durangoko PPk eta zirriborroari aurkeztutako 17 zuzenketak laburbildu ditu. Zuzenketetatik bi kontuan hartu dituztela azaldu du Cristina Ibarrola zinegotziak eta beste guztiak udalbatzarrera eramango dituztela bigarren bozketa baterako (bihar, martxoak 9, 19:00etan da aurrekontuen gaineko udalbatzarra).
[img]http://www.anboto.org/images/7200/7201/1.jpg[/img] Ibarrolak zalantzan jarri du Gobernu Taldearen negoziaziorako borondatea: \"Lehenengo kontaktu baterako ere ez dira guregana etorri, ezta akordio puntualak lortzeko ere\". Aurrekontuetan PSE-EEren proposamenak ere sartzen zirela \"komiso batean eta geuk galdetu genuelako enteratu ginen\": \"Hori egiteko eskubide osoa dute, baina errespetu falta iruditzen zaigu\". Forma aldetik ez ezik, aurrekontuetako kontuetan ere \"transparentzia falta\" salatu dute: \"Aurrekontuetako hainbat sailetan ez dira sail bakoitzeko diru-atalak desglosaturik agertzen. Horregatik, Gizarte-ekintza Saileko datuak desglosaturik eskatu genituen. Datu horiek barik ezin da jakin aldaketarik eman den, irizpide antzerakoak erabili diren…\".
Zuzenketak
Zuzenketak osatzeko \"herritarrek jakinarazitako iritzietan\" oinarritu direla azaldu dute. Zuzenketetako batean minusbaliotasuna duten seme-alaben gurasoen elkarte batekin duten akordioa berritzeko eskatu dute. Baita etxez-etxeko janari banaketa ahalbidetuko lukeen ekimena martxan ipintzeko ere, nagusiei zein minusbaliotasuna dutenei zuzendutakoa.
Inbertsioei dagokionez, San Francisco eta Konbentu plaza inguruko plazaren urbanizazioa egitea aipatu dute eta baita komertzio txikien egonkortasuna bermatzeko laguntzak bideratzea ere. Horrez gainera, 2010ean umea izan duten gurasoei 200 euroko laguntza bideratuko duen araudia sortzeko ere eskatu dute. Diru hori Durangoko komertzio txikietan gastatzeko izango litzateke: \"Horrela helburu bi beteko ditugu. Gurasoei zein komertzio txikiei laguntzea\".
Postetxea zegoen eraikina botatzeko gordetako diru-atala bertan behera uzteko eskatu dute, \"diru horregaz eraikina botatzea bakarrik aurreikusten delako eta ez libre geratuko den orubean zer egingo den\". Azkenik, Durango 1936 elkartearen proposamenez eskultura bat ipinteko eman beharreko 18.000 euroko laguntza ez ematea ere proposatu dute: \"Gaur egun, krisiaren ondorioz egoera zelan dagoen kontuan hartuta, ez dugu lehentasunen artean ikusten. Aurrerago, egoera hobetzen denean, beharbada egin ahalko litzateke\".
Amaitzeko, aurrekontuko proposamen asko \"nobedadeak balira moduan saldu\" dituztela, baina \"aurretik ere eztabaidatuta\" zeudela salatu dute. Era berean, PSE-EEk \"izaera abertzalea duen aurrekontuen filosofia aldatzeko aukera alperrik galdu\" dutela diote: \"Gainera, komisio batean terrorismoaren biktimei bideratutako laguntza ez zuten onartu. Sorpresa desatsegina izan zen guretzako\".