Alokairuzko etxebizitzen aldeko apustua eskatu du Aralarrek

Anboto 2010ko mar. 3a, 14:49

Gobernu Taldearen aurrekontu proposamenari 26 zuzenketa aurkeztuko dizkio Aralarrek. Etxebizitza arloan alokairuzko etxebizitzak sustatzearen garrantzia azpimarratu eta hori gauzatzeko, milioi bat euroko diru-atala sortzea proposatu dute.

Gobernu Taldearen aurrekontu proposamenari 26 zuzenketa aurkeztuko dizkio Aralarrek. Etxebizitza arloan alokairuzko etxebizitzak sustatzearen garrantzia azpimarratu eta hori gauzatzeko, milioi bat euroko diru-atala sortzea proposatu dute. Aurreratu dutenez \"oso zaila da aurrekontu batzuei aldeko botoa ematea, ez baita inbertsio kontua bakarrik, kudeaketa eredua ere kontuan hartzen dugu\". Oraindik zabalik ei daude \"abstentziorako zein ezezko botorako\". Azaldu dutenez, zuzenketak erretiratu egin dituzte eta zuzenean eta banan banan eztabaidatuko dira, aurrekontuen gaineko udalbatzarrean. Gobernu Taldearen zirriborroan jasotzen diren inbertsiorik gehienak, \"iazko maiatzean EAJ, EB eta Aralarrek kreditu aldarazpen bat gauzatzeko sinatu genuen akordioan agertzen dira\", adierazi du Dani Maeztu Aralarreko zinegotziak. Horiek inbertsioen atalean jasotzea \"ondo dago\", baina \"pausu bat harago\" joateko beharra azpimarratu dute, \"batez ere, etxebizitza arloan\". 2010erako Faustegoienan -sei partzela- eta Arripausuetan -partzela bat- aurreikusi dituzten 250 etxebizitza berriak \"indarrean dagoen plangintza urbanistiko garatzea besterik ez da\" eta gakoa \"kudeaketan\" dagoela gaineratu du; bizitokiak jabetzan ala alokairuan ematean, alegia: \"Gure apustua ahalik etxebizitza gehien alokairuan ematea da eta zirriborroan zein orain arte izandako batzarretan ez dugu hori ikusi\". Horretarako milioi bat euroko diru-atala sortzea proposatu dute: \"Hurrengo urteetako aurrekontuak hipotekatzea ere ez da zilegi, baina, etxebizitzen %30-50 artean alokairuan ematea da gure proposamena\". Horretarako aurrezki kutxek edo finantza erakundeek ematen dituzte aukerak eta \"eskaintzen dituzte formulak\", Aralarren ustez. Azaldu dutenez, 2009an Etxebiden Durangoko 1884 lagun daude izena emanda etxebizitza alokairuan jaso guran. Bestalde, 531 lagunek uko egin diote jabetza bidezkoari. Horregatik, babeseko etxebizitzak ofizialak jabetzan emateko dinamika \"berraztertzeko beharra\" azpimarratu dute. Rokodromoa Tabiran Beste hainbat zuzenketa ere proposatu dituzte. Esaterako, San Agustingo antzinako monastegiko lehengo egoitzan zerbitzu sozial guztiak (jantoki soziala, adin nagusientzako egoitza…) bateratu lituzkeen proiektua egiteko 100.000 euro onartzea. Igerileku zaharrak hartzen duten eremuan rokodromoa eta skate pista egokitzea proposatu dute (60.000 euro proiekturako). Bestalde, Azterlanen egoitza ohian -Maristak ikastetxearen ondoan dago- Kirolene eta UNEDen egoitza birtuala jartzeko eskatuko dute: \"Kiroleneri oraingo kokalekua txiki geratu zaio eta UNEDen bidez ikaste duten hainbat ikasle daude Durangon\". Enplegu politikari buruz, alde zaharrean zein auzoetan enpresa proiektuak abiarazi nahi dituztenei bideratutako diru-laguntzak proposatu dituzte. Eremu berean, Elkartegia martxan dagoela ia 5 urte joan direnean, 12 moduluak \"behin ere ez bete izana\" salatu dute eta ildo horretatik irtenbideak bilatu behar direla. Kultur etxe baten beharra ere adierazi dute eta aurten kultur etxe horren kokapena finkatu beharko litzatekeela. Azkenik, 2011ko inbertsioak finkatu orduan, herritarren iritzia ere kontuan hartzeko eskatuko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!