Gobernu Taldeak 2010eko aurrekontu proposamena aurkeztu du. Zenbatekoa 30 milioi euro pasatxoa da; Orain urte bi udalbatzarrak aurrekontuak onartu zituen azkenengo aldian baino ia zazpi milioi euro gutxiagokoa.
\"Krisialdi ekonomikoak baldintzatutako\" aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur (otsailak 24) Gobernu Taldeak. Diru-sarrerak gutxitu diren arren, \"hirugarren lagunen interesak jokoan dauden atalak ez murrizten saiatu gara\", azaldu du Aitziber Irigoras alkateak: \"Udaletxetik abiatutako ekimenetan jaitsi ditugu diru-atalak. Elkarteekin ditugun hitzarmenak edo haiei emandako diru-laguntzak, esaterako, mantentzeko ahalegina egin dugu\". Ondorioz, San Fausto jaiak edo Udaletik antolatutako beste hainbat ekintza orain arte baino \"dohituagoak\" izango dira aurten. Proposamena seguruenik datorren asteko osteguneko udalbatzarrean bozkatuko dutela adierazi dute.
Enplegua sustatzeko helburuz, hartuemanetan dauden instituzio edo entite guztiekin lanean segitzeko asmoa erakutsi dute. Gizarte-laguntzari bideratutako laguntza, berriz, %50ean igoko dute, baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboak babestu nahian.
Inbertsioei dagokionez, hainbat diru-atal Durangoko auzoak hirigintza ikuspegitik hobetzera bideratuko dituzte. Juan de Iciar irisgarritasun neurrietara egokitzeko 240.000 euroko erabiliko dituzte. San Fauston aurten hasiko dira Zentro Zibikoa egiteko lanak; milioi bat euroko atala sortu dute horretarako eta datozen urte bietan beste 3 milioi euro inbertitu beharko dituzte. Azkenik, Aramotzen beste Zentro Zibiko bat egiteko proiektua egingo dute aurten 30.000 eurogaz.
Horrez gainera, Montorretatik Tabirara arteko bidea egiteko ere milioi bat euro erabiliko dituzte; guztira 4 milioi euroko kostua izango du proiektu horrek eta datozen urteetako aurrekontuek jasoko dute falta dena. San Rokeko biribilgunean bidegorria egiteko eta bestelako egokitze lanak gauzatzeko milioi bat euroko atala sortu dute.
PSE-EErekin akordioa
PSE-EErekin sinatu duten akordioari buruz alde bien arteko \"aldeko borondatea\" nabarmendu du Irigorasek: \"Horrek ez du esan nahi beste alderdei itzita gaudenik; alderantziz, alderdi guztientzako atea zabalik dugu akordioetara iristeko\". Orain arte ere alderdi guztiekin egon izan gara \"sarritan eta modu sistematikoan\".