Hilabete eman dute negoziaketan eta Pilar Rios zinegotzi sozialistak alde bietatik \"akordioetara iristeko borondatea\" egon dela azpimarratu du.
Hilabete eman dute negoziaketan eta Pilar Rios zinegotzi sozialistak alde bietatik \"akordioetara iristeko borondatea\" egon dela azpimarratu du.
Akordioak enplegu, etxebizitza eta gizarte-ekintza arloetan lotu dituzte: \"Azaroan emandako prentsaurrekoan argi utzi genuen hiru puntu horiek garrantzitsuak zirela akordioa lortzeko bidean\", azaldu du Pilar Riosek. Udalaren diru-sarrerak \"asko jaitsi\" direla gogoratu zuen eta horregatik \"herritarrengan zuzenean eragingo duten proposamen berritzaileen aldeko apustua \" egin dutela.
Enpleguari eta herritarren segurtasunari dagokionez, herritarren segurtasuna hobetzeko Programa Integrala garatu dute. Programa horren barruko diru-atal bat Hiri Debekatuaren Mapan arriskutsu legez izendatutako zonaldeak argiztatzeko erabiliko dute. Durangon zikin eta ilun dauden orubeak garbitzeko eta egokitzeko ere diru-atala sortu dute. Azkenik, enplegua sustatu asmoz, langileak kontratatuko dituzte gauetako zaintza egiteko. Horrez gainera, langabetuak kontratatzen dituzten enpresei laguntzak emango dizkiete.
Etxebizitza politika \"Udalak betetzeke duen ikasgaia\" dela azaldu du Riosek, \"orain arte babeseko bizileku minimoak\" eraiki direlako. Arlo hori indartuz, Faustegoiena eta Arripausuetan 250 egiteko proiektuei lehentasuna emango diete eta Durango Eraikitzenek bultzatuko ditu. Sei partzela Faustegoienakoak dira eta bat Arripausuetakoa. Lanak aurtengo urtea amaitu aurretik hastea dute helburu.
Azkenik, gizarte ekintzaren arloan, Mankomunitateak martxan ipiniko duen Jantoki Soziala diruz lagunduko dute eta beharrean dauden familiei bideratutako laguntzak handituko dituzte. Horrez gainera, tratu txarrak jasandako emakumeei laguntzeko zerbitzuarentzako ere diru-atala bideratu dute.
Hiru eremu hauetan egon ez arren, beste proiektu \"garrantzitsu\" bi ere nabarmendu zuten. Batetik, Tabira-Montorreta arteko bidea egitea. Obra horretara milioi bat euroko diru-atala bideratu dute. Aurten hastea da asmoa eta lanek hiru urte irautea aurreikusi dute. Guztira 4 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. Bestetik, Landako eta Francisco Ibarra kaleetako trafikoa hobeto kudeatuko duen biribilgunea egitea.