Udalak Tokiko Enplegu eta Jasangarritasunerako Plan Estatala baliatuko du argiteria publikoaren eta udal eraikinen energia kontsumoa eraginkorrago bihurtzeko.
Udalak Tokiko Enplegu eta Jasangarritasunerako Plan Estatala baliatuko du argiteria publikoaren eta udal eraikinen energia kontsumoa eraginkorrago bihurtzeko.
EAJ, Aralar, PSE-EE eta PPren botoekin onartu ziren proiektuak. Talde mistoa abstenitu egin zen: \"Proiektuekin ados gaude, baina diru-laguntzen atzetik, laguntzeko nahia baino helburu propagandistikoa ikusten dugu\", adierazi zuten.
Lau udal eraikinetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanek 340.000 euroko aurrekontua dute. Landako Guneko argiteria aldatuko dute; 662 lanpara aldatuko dituzte energiaren %68 aurrezteko. Udaletxean inertzia termiko txikiagoa duten 76 erradiadore ipiniko dituzte, orain daudenak kenduta. Azkenik, Laudibeta 6-Bko udal etxebizitzetan eta Landako kiroldegian eguzki indar bidezko azpiegitura termikoak ipiniko dituzte.
Ur edangarriko azpiegituran 733.000 euro erabiliko dituzte. Batik bat, ur azpiegitura osoan ur galerak zein puntutan dauden eta zelan konpondu daitezkeen aztertuko dute. Bestalde, ur jarioa erregulatzeko balbula gehiago ipiniko dituzte. Horrela, ur mozketak egiten direnean eremu txikiagoa geratuko da ur barik.
Beste 300.000 euro inguru Landako eta Zabalarra ikastetxeetan garbiketa orokorra egiteko erabiliko dituzte.
Argiteria publikoa
Argiteria publikoa Udalaren urteko energia kontsumo orokorraren %55 da. Alderdi hori hobetzeko asmoz, bost gunetako kontsumo energetikoa moldatuko dute (300.000 euro). Askatasun etorbidean, Arriluzea eta Intxaurrondo kaleetan, Tabiran, Pinondo parkean eta Andra Mariko elizpean hainbat argiteria aldatuko dituzte, argi-kutsadura eragotziz.