Urteko egunen %60an ona da airearen kalitatea

Anboto 2010ko ots. 5a, 09:59

2006an Durangoko airearen kalitatea neurtzeko eta behar zen eremuetan neurriak hartzeko helburuagaz lanean hasi zen Gobernu Taldea. 2006ko datuak \"herritarren osasunerako arriskutsuak ez ziren arren, konplikatuak izan ziren\", Aitziber Irigoras alkatearen esanetan. 2009ko datuek, aldiz, hobekuntza nabarmena islatzen dute. 2006. urteko egunen %12,24an (44 egun) airearen kalitatea txarra izan zen; orain ehuneko hori 0,28koa da (1,02 egun). Bestera esanda: 2006an urteko egunen %24,5ean (91 egun) zen ona airearen kalitatea; orain, berriz, %60,2an (219 egun). Arloz arloko datuei dagokionez NO2-aren (nitrogeno dioxido) ingurukoak azpimarratu dituzte, \"ibilbagiluei eta herriguneko trafikoari dagozkiolako\". Europar Batasuneko araudiak metro kubikoko 40 mikrogramotan ipinia du limitea. 2006an 38ra iritsi zen elementu horren maila Durangon; orain 32koa da: \"Datu aipagarria da, kutsaduraren ikuspuntutik ez ezik herriguneko mugikortasunari dagozkion ondorioak atera daitezkeelako. Ildo horretatik emandako pausoak onak iza direla erakusten dute datuek\". Eremu horretako hurrengo urratsak laster aurkeztuko duten Mugikortasun Planak zehaztuko ditu: \"Hilabeteren buruan prest izatea espero dugu\", aurreratu du Irigorasek. Bestalde, krisiak airearen kalitatearen hobekuntza eragin duela adierazi dute: \"Datu kontrajarria dirudi, baina halaxe da. Krisiaren eraginez enpresek gutxiago ekoizten dute eta, ondorioz, gutxiago kutsatzen dute\". Datuak onak diren arren, egoera aztertzen eta behar den eremuetan neurriak hartzen segitzeko asmoa erakutsi dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!