Turismo Sailak herriko aberastasunaz gozatzeko hiru eskaintza berezitu berri prestatu ditu eta otsailetik edo martxotik aurrera martxan egongo dira.
Durango jomuga turistiko gero eta erakargarriagoa bihurtzeko helburuz, Turismo Sailak herriko aberastasunaz gozatzeko hiru eskaintza berezitu berri prestatu ditu eta otsailetik edo martxotik aurrera martxan egongo dira.
Otsailean gazteei eta abenturazaleei zuzendutako proposamen bi abiatuko dituzte. Sartu zaitez lur azpiaren barrena ekimenak inguruko kobazuloetan espeleologia egiteko aukera eskainiko du. Hasiberrientzako eta esperintzia dutenentzako ibilbide ezberdin bana proposatuko dute.
Arrastoari jarraituz, Durango ezagutu ekimena, berriz, gaztetxoei bideratutako ekimen ludiko-didaktikoa da. Pistak jarraituz, Durangoko hainbat txoko bisitatuko dituzte gaztetxoek, harik eta azkenean misterioa argitu arte.
Martxoan hasiko den ekimenak ere misterioak ezagutzea du helburu, baina misterio mitologikoak. Ezagutu mitologia izenagaz, Durangoren nortasuna, kultura eta izaera beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera eskaintzen duen ibilaldia antolatu dute.
Hiru eskaintza berri horiek lehendik zeudenei gehitzen zaizkie. Egin jauzi Durangora ekimenak asteburuetan ohikoak izaten diren irtenaldi laburrak Durangon emateko gonbita luzatzen du; ostatua, gosaria, bisita gidatuak alde zaharretik, San Agustin Kultur Gunerako sarrerak… aurreikusten ditu, besteak beste. Azkenik, Zaldi munduan murgiltzea ekimena, ekitazio zaleei zuzenduta dago.
Eskaintza guztiak euskaraz zein gazteleraz gozatzeko aukera eskaintzen dute eta gestio guztiak Turismo Bulegoak egiten ditu.
Turismoa sustatzeko eskaintza berri horiek hiru helburu nagusi bete nahi dituzte. Batetik, \"turismo aktiboaren merkatuan bete-betean sartu nahi dugu \", adierazi du Natalia Naverán Turismo Bulegoko arduradunak. Horrekin batera, turistei zerbitzu berezitua eskaini nahi diete: \"Gure proposamenak beste herri batzuetakoekin alderatzen dituztenean, gureak aukeratu ditzaten nahi dugu. Merkatuan gero eta lehiakorrago izatea dugu helburu\". Azkenik, eskaintza zabala eta irekia izan dadin nahi dute: adin tarte ezberdinak hartuko dituena, urte osorako baliagarria izango dena, EAEko, atzerriko zein eskualdeko turistak erakarriko dituena…
Iaz datu positiboak
Turismo Bulegoak igaz 2008an baino jende gehiago atenditu zuen. Bisitarei dagokionez, Bartzelonatik (315 lagun) eta Madrildik (170) etorri zen jenderik gehien. Atzerriari dagokionez Frantzia, Erresuma Batua eta Alemania dira goren agertzen direnak.