Bakarrik bizi diren 80 urtetik gorakoei zuzendutako prebentzio zerbitzua

Anboto 2010ko urt. 18a, 13:18

Durangon bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 310 pertsona daude. Suteen %80ak soslaia horretako kasuetan ematen dira. Eremu horretako prebentzioa indartu du Durangoko Gizarte-ekintza zerbitzuak.

Durangon bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako 310 lagun daude. Suteen %80ak soslaia horretako kasuetan ematen dira. Eremu horretako prebentzioa indartu du Durangoko Gizarte-ekintza zerbitzuak. Udalak 30.000 euroko diru atala bideratu du zeregin horretara eta Udala egingo da zerbitzuaren kostuaren kargu. Zerbitzua A Tiempo izeneko enpresak eskainiko du eta hiru fasetan emango da. Lehenengoan (dagoeneko hasi dira) bakarrik bizi diren 310 pertsonak bisitatuko dituzte. Segurtasunari buruzko oinarrizko ezagutza azalduko diete eta prebentzioari eta segurtasunari buruzko eskuliburuak emango dizkiete. Lehenengo bisita horretan gas, berogailu… azpiegituren azterketa ere egingo dute. Azkenik, bisitari buruzko informe bat prestatuko dute. Bigarren fasean ke-detektagailuak instalatuko dituzte etxebizitza horietan. Kea kantitate batetik gorakoa bada, alarma biziak jokoa da (90 dezibeliora artekoa), aldamenekoak ere ere entzun dezan zerbait larria gertatzen bada. Gainera, argia ateratzen duen seinale bat egiten du, gorrak direnentzako: \"Horrela ohetik jaiki eta kalera ateratzeko astia ematen du\", zehaztu du A Tiempo enpresako kide Jon Ensunzak. Detektagailua geratu dadin nahikoa da lehioak irekitzea; kea maila jakin batetik behera jaistean berez geratuko da alarma. Hirugarren fasean bizilekuaren krokis bat egingo dute, dituen sarrerak eta irteerak zehaztuz. Horrela, beharrezko balitz, su-hiltzaileek datu horiek prest izango lituzkete. Ke-detektagailuak bateria bat dauka eta urtean behin aldatu behar da. Alemanian eta Frantzian esaterako, etxebizitza guztiek dute horrelako detektagailua, \"legeak derrigortzen duelako\", Ensunzaren esanetan. Durangaldean zerbitzu hau eskaintzen den lehenengo aldia da, baina \"eskualdeko beste herri batzuk ere interesa erakutsi\" dutela azaldu du Natxo Martínez Durangoko Gizarte-ekintza Saileko buruak. Bizkaiko (Bilbo, Lekeitio…) eta Gipuzkoako (Donostia, Zumarraga) hainbat herritan dagoeneko martxan dago zerbitzu hori.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!