Kuba eta Argentinan izan ondoren, urtarril elurtu eta hotzean dator Ordorika Durangoko Plateruenean kanta berriak aurkeztera, hilaren 22an.
Hegoameriketako zenbait herritan \"garizumakoa\" deitzen duten eta udaren iragarle den haizearen oihartzuna dakar Ruper Ordorika oñatiarraren Haizea garizumakoa hamabigarren diskoak. Kuba eta Argentinan izan ondoren, urtarril elurtu eta hotzean dator Ordorika Durangoko Plateruenean kanta berriak aurkeztera, hilaren 22an.Azaroan diskoa aurkeztu orduko hasi zinen kontzertuak eskaintzen; Bartzelonako Auditori edo Gatzagako aretoa lako oholtza desberdinetan aritu zara...
Horrela egin izan dut, bai. Harremana da desberdina, baina kontzertuan planteatzen dugun errepertorioa antzekoa izaten da leku guztietan; diskoan oinarritzen gara gehienbat, baina beste sasoi batzuetako kantekin ere uztartzen ditugu berriak.
Leku guztietan aritzen zara gustura?
Leku guztietan gustatzen zait aritzea; bakoitzak aldeko eta kontrako aldea izaten du. Gu eramateko interesa dagoen lekuetara beti saiatzen naiz nola edo ahala joaten. Askotan ahazten dugu euskaldun jende asko herri txikietan bizi dela –batez ere, Nafarroa eta Iparraldean–, eta hor ere izaten da zaletasuna. Beti saiatzen gara hori zaintzen, nahiz eta gero Bartzelonan kamera antzoki oso handi eta formalean ere jotzen dugun.
Hain leku handi eta inportanteetan jotzen dutenek ahaztu egiten dituzte leku txikiagoetako zaleak sarri.
Nik buelta emango nioke esaten didazunari; niretzako ohore bat eta oso pozgarria da nitaz gogoratzea halako lekuetan. Kopuruak-eta inportanteak dira, baina gehiago da zer arreta dagoen edo zer gogo dagoen gure kantak entzuteko. Hori da nik gehien estimatzen dudana.
Hamabigarren diskoa grabatzeko, baina, Estatu Batuetara joan zinen...
Hango musikariekin egiten dudan laugarren edo bosgarren diskoa da hau, eta harreman oso luzea daukagu. Eurekin berriz biltzeko aukera paregabea izan da disko hau. Gero, kontzertuetan, beste taldekide batzuekin ibiltzen naiz; Plateruenean azkenekoz egon nintzenean, adibidez, Jon Piris kontrabaxuan zela, akustikoan jo genuen. Beti aldatzen ari den taldearekin jotzen ditut zuzenekoak, horrela diskoak berbizitzen direla uste dudalako. Orain urtebetetik hona Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleagarekin nabil. Laukote moduan gabiltza, diskoa grabatu dugunak izan ez arren.
Soinu berezia lortu nahi zenuelako egin duzu grabaketa Estatu Batuetan?
Hainbeste disko kaleratu ondoren, batzuetan behar duzu harantzago joan; harantzago joan izanaren sentsazioa eduki. Gero, teknologiak ere badu bere ardura; eta inondik ezagutzen ez zaituen teknikari batekin lan egitea inportantea da. Hark ez dauka zuri buruzko aurreiritzirik. Oso estudio zahar batean grabatua dago Haizea garizumakoa, teknologia analogikoarekin; beti maitatu izan dut musikaltasun hori.
Zelan sortu zen harremana?
Urte asko dira... Gitarristak, Ben Monderrek, So\'ik\'so diskoan grabatu zuen nirekin 1995ean, ni Estatu Batuetan bizi izan nintzelako, inprobizazio musikarako zaletasuna dudalako... Hori dela-eta ezagutu nuen. Hurrengo diskoa —Dabilen Harria— grabatzen disko berri honetan lagun izan ditudan hirurak sartu ziren: Ben Monder, Skuli Sverrisson eta Kenny Wollesen. Musikari handi-handiak dira hirurak.
Zer beste onura dakar diskoak atzerrian grabatzeak?
Memoriaren mapan diskoa, esaterako, New Yorken nahastu nuen, eta hango musikariekin. Eduki ditut halako esperientziak aurretik. Uste dut denok gure eginkizunetan berdintsu aritzen garela; haratago joan nahian. Halako batean, oso argi ikusi nuen hori egin behar nuela, eta dena bildu zen; gauza batzuk oso artistikoak, eta beste batzuk oso prosaikoak direnak.
Eboluzio nabarmena izan dela hamabigarren disko honetan esan izan duzu.
Eboluzio nabarmena dela uste dut, nahiz eta kontu hauetaz ez den erraz hitz egiten. Ondo konprenitzen dut entzuleak bere burutazioak edukiko dituela, baina nire ikuspuntutik aldaketa handi samarra planteatzen du disko honek. Bere denboran izan nituen nire zalantzak –diskoak badituelako bere lakuak–, baina jendeak oso ondo hartu du diskoa, eta askoz seguruago nago orain. Ordura arte euren koskak dituzten kantak jendaurrean ipintzen direnean borobiltzen dira. Musika partitzen ez den bitartean zaila da jakiten.
Letra guztiak zeureak dira oraingoan.
Egia da, bai, orain arteko disko guztietan izan dela letraren bat idazleren batena. Oso eginkizun naturala izaten da; irakurtzen duzu han edo hemen testu bat, eta oso deigarri gertatzen zaizu kanta bat osatzeko. Kasu honetan, gehiago nengoen nire gauzetan. Dena dela, ez dut hain ez ohiko ikusten disko honetakoa, aspalditxo egiten ditut nire letrak. Ez nuen zentzu horretan pentsatu \"orain egingo dut bat besteren letrarik gabekoa\". Horrela gertatu da.
Beti modu berriak bilatzen, kantak sortzeko modua desberdina izan da?
Oso gauza ebidentea den arren, beti esaten dudan bezala, ezin zenezake disko hau egin bestea egin barik. Gauzak pilatzen zaizkit, eta neure esperantza esperientzia gehitzea eta apur bat gehiago ikastea da. Aspalditxo neure ardura nagusia izaten dena da hasierako gogo edo arnas hori gordetzea: kanta irudikatu orduko bere horretan gordetzen saiatzen naiz, asko ikutu barik.
Orijinaltasuna ez ei dozu bilatzen.
Nire ustez, agian, horixe da muina. Askotan baditugu ideia oso xelebreak orijinaltasunari buruz. Sarritan egiten duguna izaten da berez ateratzen zaiguna ofizioarekin zuzentzea; kakotx artean, \"arreglatzen\" saiatzen gara. Musika arreglatzea esaten zaio horri, eta horrek askotan egiten duena teknika batzuk eranstea izaten da. Horrek batzuetan ekartzen duena hasierako arnas hori galtzea izaten da. Nire esperientzia hortik doa, eta nik baloratzen dudan orijinaltasuna hori da; ez gauza ezberdin bat egitearren zernahi egitea. Hori esanda, baina, eta zorionez, musikak eta kantek eta sormen mota guztiek ateak oso zabalik dauzkate, edozein gauza da zilegi: ez dago lege edo metodorik.
Lehenengo \"arnasa\" hori, edo kanta sortzera bultzatu zintuen sentipena oso indartsua izango zen Laboa lagunaren heriotzaren ondoren sortutako kantan...
Kantatxo hori baten batek kantatu zidala esango nuke, zeren ia-ia bat-batean osatu nuen. Oso garbi ikusi nuen berarentzako kanta bat egin nahi nuela; oso ondo ezagutu dudan kantaria eta pertsona izan da Mikel Laboa. Ez nuen batere pentsatu beharrik izan.
Zein izan zen heldu zenion kantaren hasierako hari edo \"arnasa\" hori?
Argi neukan lehengo moldeko kanta bat egin nahi nuela, formalki kanta zahar bat bezalakoa. Mikelek gorpuzten zituen hainbat ezaugarri aipatzen ditut azken kantan; intuizio handia zuen, baina asko lantzen zituen ideiak. Bere ahotsagatik eta bere ahotsa kokatzeko zuen moduagatik da Laboa hain berezia, eta gehienok esperimentatu izan dugu hori.