San Rokerako bidegurutzean biribilgunea egiteko akordioa

Anboto 2010ko urt. 14a, 17:27

Aitziber Irigoras alkateak eta Itziar Garamendi Aldundiko Herri Lan Saileko diputatuak San Rokera sartzeko bidegurutzean, BI-623an, biribilgunea egiteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute.

Aitziber Irigoras alkateak eta Itziar Garamendi Aldundiko Herri Lan Saileko diputatuak San Rokera sartzeko bidegurutzean, BI-623an, biribilgunea egiteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Akordioaren arabera, Aldundiak BI-623 errepideari dagozkion lanak finantzatuko ditu: 1,8 milioi euro. Udala, berriz, biribilgunearekin batera egingo dituzten espaloien, bidegorriaren eta hirigintza-garapenetarako sarbidea emateko lanen finantzaketaz arduratuko da: milioi bat euro inguru. Bestalde, San Roketik bidegurutzerako igoerako alde banatara dauden lur-zatietan egin beharreko urbanizazio lanak gauzatuko dituzten promotoreek bidea azpitik gurutzatzeko tunela finantzatuko dute (1,2 milioi euro). Proiektua egiteko 16 hile beharko dituzte. Lanak noiz hasiko diren galdetuta, \"lehenengo aurrekontuak onartu behar dira\", esan du Irigorasek: \"Guk diru-atala aurreikusi dugu aurrekontuetan\". Biribilgunearekin \"Bilbotik San Rokera sartu gura duenak edo San Roketik Mañarirantz hartu gura duenak askoz arrisku gutxiagorekin ibiliko dira\", azaldu du Irigoras alkateak. Itziar Garamendik sinatutako akordioaren \"garrantzia\" azpimarratu du: \"Euskadin istripu kopuruak behera egin du, eta horretan zerikusi handia daukate errepideetan segurtasuna hobetzeko egiten diren inbertsioek\". Tabirarako sarreran biribilgunea egiteari buruz, Irigorasek aitatu duenez \"Aldundiari bere sasoian planteatu zitzaizkion errepideak behar dituen hobekuntzak, modu integralean\". Bestalde, Jaurlaritzak Izurtza-Durango tramuko abiadura kontrola egiten dihardu, eta ondoren kontrol horren emaitzak aztertuko dituzte: \"Emaitza horien arabera hartu beharko da irtenbiderik egokiena\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!