Gabonetako erosketa girotzeko kaleko musika kontzertuak

Anboto 2009ko abe. 21a, 10:23

Gabonetako erosketak egitera animatu guran formatu txikiko musika kontzertuak eskainiko dituzte hainbat musikarik datozen egunotan, +Dendak merkatari elkarteak antolatuta.

Gabonetako erosketak egitera animatu guran formatu txikiko musika kontzertuak eskainiko dituzte hainbat musikarik datozen egunotan, +Dendak merkatari elkarteak antolatuta. Joan zen martitzenean abiatu zuten ekimen hori, eta horrekin batera, Izotz Gunerako 300 sarrera banatuko dituzte dendariek euren bezeroen artean. Gabonetako erosketak \"erakargarriago\" egitea gura du +Dendak elkarteak formatu txikiko musika kontzertu horien bitartez. Kitarra-joleak, biolin-jotzaileak eta akordeoilariak joko dute Durangoko kaleetan zehar datozen egunotan, hala ere, \"batzuetan komertzio barruan bertan eskainiko dituzte kontzertuak\", azaldu dutenez. Joan zen martitzenean hasi ziren ekimenarekin eta abenduaren 30a bitartean jarraituko dute; baita urtarrilaren 4an eta 8an ere. \"Durangoko komertzio inguruetako leku desberdinetan joko dute egunero hiru musikarik, eta euren musikak are eta atseginagoa egingo dute Durangoko herrigunean bizi, erosi eta kontsumitzeko esperientzia\", dio Santiago Reyes +Dendak elkarteko gerenteak. Ekimen horrekin batera, joan den asteburuan, umeentzako tailerrak, magia ikuskizuna eta antzerkia ere izan dira.

Izotz Gunea

Bestalde, +Dendak elkarteko bazkide diren Durango, Abadiño, Iurreta eta Izurtzako 180 establezimenduek Durangoko Landako erakustazokan jarritako Izotz Gunerako 300 sarrera banatuko dituzte euren bezeroen artean, gaurtik aurrera. Azaldu dutenez, 10 eurotik gorako erosketa edo kontsumizioa egiten duten bezeroek bale bat jasoko dute +Dendak elkartearen egoitzan (Plateruen plaza, 8) Izotz Gunerako sarrera bategatik aldatu ahal izango dutena.; 09:00etatik 18:00etarako ordutegian. Argitu dutenez, sarrera lortzeko balea denda desberdin bakoitzean egindako 10 euroko gastuagatik emango da: \"Denda berdinean egindako erosketa 20 euro baino gehiagokoa bada ez da bigarren balerik emango; establezimendu batean 50 euro baino gehiago gastatu direla frogatzen duen faktura beharrezkoa izango da bigarren balea lortzeko eskubidea izateko\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!