Gorka Urbizu: 'Chicagokoa esperientzia itzela izan da eta proba gainditu dugulakoan gaude'

Anboto 2009ko abe. 7a, 10:28

Lekunberrin orain hamabost urte sortutako taldeak azken diskoa kaleratu zuen irailean: \'Payola\'. Gorka Urbizuk erakutsi dizkigu euskal rockaren erreferente den taldearen zirrikituak. Gaur, hilak 7, zuzenekoa dute Plateruenean.

Platerueneko oholtzan agertuko da gaur Berri Txarrak taldea. Sarrerak agortu ziren, aspaldi. Gorka Urbizurekin hitzegin dugu. Platerueneko kontzertuko sarrerak agortuta. Payola fenomenoa? Lau urte generamatzan lan berririk kaleratu gabe, mundu erdia iragan duen itzal handiko bira batetik bueltan... Ziurrenik, horrek jakinmina areagotu du, eta jendea zuzeneko berrien gose zegoela dirudi. Disko bat kaleratzean beti zaude apur bat sensible, jendeak nola hartuko duen. Payolak oso abiatze sendoa izan du alde horretatik. Hamabost urteko lanak Chicagora eraman zaituzte. Lehen aldia da prozesu osoa Euskal Herritik kanpo egiten duguna, eta behin horretara jarrita, grabatzeko moldea erabat aldatzeko une aproposa zela iruditu zitzaigun. Albini aukeratu genuen horretarako, klasikoek bezala grabatu nahi izan dugu, nahiz eta ez den aukerarik erosoena: analogikoan, 16 pista huts erabiliz, astebetean grabatu eta nahastu, gela batean denok batera? Esperientzia itzela izan da, eta proba gainditu dugulakoan gaude. Zerekin itzuli da Payola diskoa? Kate moduko bat izan da. Alegia, kantek sortzetik zuten kutsu primitibo hori mantendu nahi genuen, grabaketan gozatu gabe. Horretarako, Albini zen izenik egokiena, eta soka horretatik tira egiteak grabaketa antigoaleko erara burutzea ekarri zuen. Ziurrenik ez da mundu guztiaren gustuko erabakia izango, baina senak horixe agintzen zigun. Zer esanahi du Payolak? Tom Waitsen biografian deskubritu genuen spanglisheko hitz bat da. Irrati esatariari eskupekoa ordaintzea esan nahi du, zure musika maizago jar dezan. Deigarria egin zitzaigun eta, bestalde, zentzu orokorrago bat emanez, eroskeriari buruzko gogoeta bultzatzeko balio zezakeela ikusi genuen. Payola da errege politikagintzan, esaterako. Nafarroako eta Euskadiko azken Gobernuak nola sortu diren ikustea besterik ez dago. Zerekin eta zertarako amesten duzue gaurko musikariek? Ametsak ahaztu eta lanean jartzea izan zen gure hautua Jaio.Musika.Hil kaleratu genuenean. Dokumental horretan rock talde batean egoteak zer suposatzen duen erakutsi nahi genuen, handikeriarik eta iragazki handirik gabe. Askotan ?arrakasta? hitzaren bidez horren atzean dagoen guztia ezkutatu nahi dela ematen du. Zenbateraino transformatu da Berri Txarrak taldea? Izan ditugu gure aldaketak; azken 5 urteetan, batez ere. Nazioarteko birek lan eta denbora asko exijitzen dute, eta gure taldekide batzuk taldea uztea erabaki dute, euren familia eta bizitzeko moduarekin partekatzeko zaila zelakoan. Hasierako espirituak hortxe darrai, baina. Ibilbide luzeak geroago eta gehiago estimatzen ditugu, berehalako emaitzak lehenesten diren garaiotan. Euskal Rockak bere ibilbidea egin du, batzuetan gora, besteetan behera. Norako bidean da orain? Susmoa dut ez ote gauden beti iragan minez edo etorkizunak zer ekarriko, gaur gertatzen dena bizi, gozatu eta hobetu beharrean. Talde on askoak daude inguruan, baina jendea alper samar ikusten dut horiei arreta eskaintzeko. Zuen lana azken urteetan nazioartean sortua eta nazioartera eramana izan da. Gure lana Euskal Herrian sortzen da, gu euskal taldea gara, baina endogamia horretatik irteten saiatzea inportantea iruditzen zaigu, guretzat eta hein batean gure ondorengoentzat. 15 urteren ondoren guretzako ez luke inongo gatzik etengabe Bilbon edo Tolosan jotzen aritzeak. Kanpoko esperientziak asko laguntzen dizu gauzak baloratzen, besteak beste, etxeko publiko fidela, urtetan hainbeste eman diguna. Musikariek zenbat lan duzue abenduko egun hauetan? Maitasun-gorroto moduko sentsazioak ditugu Durangoko Azokarekiko, baina azken batean garrantzitsua da nork bere lana bertatik bertara babestea, erosteko prest dagoen entzulegoa eskertzeko modua ere bada.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!