Gabonak gertu dagozen seinale izaten da JAEDen standa Andra Marian jarrita ikustea. Premian dauden Durangoko eta Iurretako familiei laguntzea helburu duen elkarteak eskualdean krisiak gogor eragin duela azaldu digu. Beharrizanean dauden familia denei erantzuteko gogotsu lan egiten dute. Gabonetako errifa diru iturri garrantzitsua da elkartearentzat.
JAEDen errifarekin batzen duzuena baino gehiago beharko duzue.
Geroago eta jende gehiago dago beharrizanean. Krisiak eskualde osoan gogor eragin dau. Udalak diru-laguntza igo deuskun arren, oraindino gehiago behar dugu premia egoera honi aurre egiteko.
Zer laguntza eskaintzen duzue?
Janari eta arroparekin laguntzen dugu gehien. Durangon eta Iurretan 150 familiatik gora laguntzen gabiltza. Ume piloa dago etorkinen artean. Alargunek pentsio apalak dauzkate, eta seme-alaben ardura daukate. Pertsonekin gabiltza, berdin zaigu nongoak diren.
Zelan banatzen duzue laguntza?
Langile bat daukagu elkartean jendeari harrera egiteko. Pertsona horrek gizarte-laguntzailearekin ere hartu-emana dauka. Janari aldetik olioa, lekak, pasta, garbitasunerako produktuak... banatzen ditugu. Astean bi egunetan prestatzen da janaria banatzeko. Ematen dugun janaria baloratu egiten dugu, eta azkeneko hileotan gora egin du. Janaritan bakarrik, urrian 5.000 euro banatu genituen.
Janaria eta arropak zelan lortzen dituzue?
Eroskin egoera onean dauden baina salgai jarri ezin dituzten produktuak jasotzen ditugu. Janari hori begiratu egiten dugu banatu aurretik. Orain, aurre egin behar diogun premiari erantzuteko ematen diguten horrekin nahikoa ez daukagunez, erosi egin behar izaten dugu. Elikagai Bankutik ere jasotzen dugu. Arropa aldetik, joan zen denboraldiko arropa ematen digute. Jendeak ere ekartzen digu arropa.
Isileko lana egiten duzue.
Guretzako diskrezioz lan egitea lehentasuna da. Etorkin askori laguntzen diogu, baina bertakoei ere bai. Bat-batean beharrizana daukana guregana hurreratzea zaila izaten da. Gure artean ez dugu izenik aitatzen. Konfiantza herriko jendearen artean sortu gura dugu. Diru-laguntzak ere banatzen ditugu.
Zenbat lagun zaudete elkartean?
Taldeak sortuta ditugu, lana geure artean banatzeko. Guztira, hogei lagun inguru gabiltza beharrean. Jendea ondo atenditzen dugu.
Errifa laguntza handia da?
Diru-sarrera handiena ematen diguna standa da. Hala ere, aurten ez dugu txartelen prezioa igo gura izan. Diru gutxien daukatenek ere parte hartu dezaten gura dugu.
Zenbat txartel?
Aurten 60.000 txartel salgai jarriko ditugu. Ekimen honekin, dirua irabazteko denak saldu behar ditugu. Jendeak parte hartuko duelakoan gaude.
Aurten ere kotxea errifako izarra izango da.
Sarien artean puntako teknologia egon dadin gura dugu, denendako erakargarria izan dadin zozketa. Kotxeaz gainera, ordenagailuek ere azken teknologiak dituzte.
Standa itxuraldatuta ikusi dugu.
Pintatzen hasi beharrean graffiti bat egin zitekeela pentsatu genuen. Durangoko Graffiti Lehiaketan parte hartu zuten Gasteizko gazte batzuekin Udalaren bitartez hartu-emanean jarri ginen. Herria eta bertako txokoak erakutsi genizkion, eta lanari ekin eutsien. Emaitzarekin pozik gelditu ginen.
Noiztik zabiltzate standa jartzen?
Zozketa hau Ospitalak egiten zuen lehen. Orain hamabi urte, zozketa egiteari utzi eutsien, eta orduan JAEDek tradizioagaz jarraitzea erabaki zuen.
Noiz sortu zen JAED?
Elkarteak 46 urte egin ditu dagoeneko. Ibilbide luzea daroa herrian. Beharrizanak nabarmen gehitu dira, eta laguntza hori eskaintzen saiatzen gara.