Sabin Bilbao: "Ondorengoari, berba egiteko eta ateak inori ez ixteko gomendatuko nioke"

Anboto 2009ko aza. 20a, 10:18

Sabin Bilbaori elkarrizketa egin diogu aste honetako alean, Berbaz atalean. Bi legealditan Durangoko zinegotzi izan ostean, kargua utzi du Ezker Batuko kideak.

Durangoko zinegotzi legez sei urte eta erdi eman eta gero, kargua uztea erabaki du. Sabin Bilbaok legegintzaldi bi ezagutu ditu. Egindako lanarekin pozik dagoela aitortu deusku. EB-Berdeak alderdiak Udalean ordezkari bakarra daukan arren, erabakiak hartzeko hainbat gaitan bere botoa erabakiorra izan da. Ordezkoa nor izan daitekeen, baina, ez digu aurreratu.



Zinegotzi kargua utzi zenduen joan zen asteko udalbatzarrean...
Pleno hartan eskerrak eman nizkien komunikabide, teknikari, Udaletxeko langile eta lagunei; baita Durangoko herriari ere. Denbora honetan jende asko ezagutzeko aukera izan dut. Urte oso onak izan dira.

Politikoki, bi legegintzaldi hauen zer balorazio egingo zenuke?
Balorazio positiboa. Kontuan izan behar da alderdiko zinegotzi bakarra izan naize
la, 21en artean. Proposamen batzuk aurrera irten dira. San Rokeko haurtzaindegia egitea oso garrantzitsua izan da. Landakon beste haurtzaindegi bat egiteko akordiora heldu gara. Inmigrazio teknikaria eta berdintasun teknikaria ere neuk proposatu nituen.
 
Saharar kanpamenduetara ere bidaiatu duzu.
Saharar herria bihotzean daroat. Errefuxiatu kanpamenduetara joatea, han zelan bizi diren ezagutzeko, eta zinegotzi legez laguntzea, lorpen handiena izan da. Sei urteotako esperientzia garrantzitsuena izan da.

Zer gelditu da egiteko?
Landakoko haurtzaindegia amaitzea. Tabira eta Sabeco arteko lotunea amaitzea ere herriarendako garrantzitsua da. Orain, Juan de Iciar inguruan trafiko handia izaten dugu, eta trafikoa herrigunetik ateratzeko modua da. Uribarriko egoitza berriztu eta gizarte-ekintzako ekimenak bertan lotzea beharrezkoa dela deritzot.

Legegintzaldi bi ezagutu dituzu. Alderik nabaritu duzu?
Lehenengo lau urteetan Gobernu Taldeak 10 zinegotzi zituen, eta akordio batera heltzea errazagoa zen. Orain zinegotzi gehiago behar dituzte aurrekontuak aurrera ateratzeko. Urte bi daramatzagu aurrekontu barik, beraz, hortik atera kontuak.

Hurrengo aurrekontuak?
Urte biotan aurrekontuak ia-ia onartu izan dira, baina Gasteizko parlamenturako hauteskundeak etorri ziren eta eragina izan zuten. Orain zail ikusten dut hurrengo urtean onartzea. Bakoitzak talde moduan egiten baditu gauzak, Durangorengan orokorrean pentsatu barik, ez dira aurrera aterako. Hala ez dago akordiora heltzerik.

Zelan hartu duzu erabaki hau?
Bilboko CCOOko exekutiban dihardut lanean. Bi beharrak ezin ditut bateratu, beraz, zinegotzi kargua uztea erabaki dut.

Ordezkorik?
Kritikatzeko aurretik jartzen gara, baina lan egiteko ez hainbeste. Bagabiltza baten bat topetan, eta badaukagu hautagairen bat, baina oraindino ezin genezake izenik esan.

Hasiberriari beteranoak zer gomendio emango deutso?
Urte eta erdi izango du. Aurrekontuak aurrera ateratzea. Zinegotzi bakarra daukagu, baina Durangon badago zereginik. Proposamenak egiterakoan herrian zenbat diru dagoen eta zer egoeratan gauden kontuan izateko esango nioke. Gomendio onena, denekin berba egiteko prest egon dadila eta ateak ez ixteko inori.

Sindikatuan erronka barri bati helduko diozu orain.
Beste modu batean lan egiteko aukera izango dut. Egoera zailean gauden arren, gogo handiarekin hartu dut lan berria. Giro ona dago lankideen artean. Konpromisoa hartu dut eta lan egiteko gogoa daukat.

Krisi sasoian, sindikatuan lanean.
Federazioa bultzatu beharra dago. Egoera onean jende piloa dago prest lan egiteko, baina zailtasunetan be egon beharra dago, gauzak denon aurrera ateratzeko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!