Lehenengo, aurten astronomiaren nazioarteko urtea zergatik den azaltzen dugu. Orain 400 urte lehenengoz Galileok teleskopio bat zerura begira ipini zuen, eta inork ikusi bako gauza piloa ikusi zituen. Gainera, Eguzki Sistemarena azalpena eman, gelan ditugun teleskopioak erabili, pisua eta masaren arteko aldea ezagutu eta beste hainbat kontu azaltzen dugu. Planetario bat ere badaukagu hurreratzen direnei erakusteko.

Elkarteak lokal berria dauka.
Proiektua aurkeztu genuen, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren laguntasunarekin lokal berria egokitu genuen, Astronomia Gelagaz batera.
Elkarteak zer helburu dauka?
Astronomiari buruzko jakintzak zabaldu eta ezagutzera ematea dugu helburu. Ikasgela garrantzitsua da, baina hori ikasleei zuzenduta dago. Guk, aldiz, adin guztietako jendearendako ekintzak antolatzen ditugu, astronomiarekiko interesa daukatenendako. Ez da aditua izan behar elkarteko kide izateko.
Hainbat ikasle joaten zaizue.
Euskal Autonomia Erkidego osoan daukagun Astronomia Gela bakarra denez, Durangaldeko umeez gainera, kanpotik be etortzen dira.
Harrera ona izaten du?
Ikasleek zein bisita gidatuetan parte hartzen duten nagusiek interes handiarekin entzuten dituzte Astronomia Gelan emandako azalpenak.
Elkarteak zer ekintza antolatzen ditu?
Bidaiak antolatzen doguz Madrilgo Museo Aeroespazialera, Fantziako Tolosako Espazioko Hirira, Iruñeko Planetariora etab. Sarrera ikastaroak be ematen ditugu.
Sasoi honetan zer dugu ikusgai?
Urteko sasoi honetan Oriol konstelazioa ikusi daiteke, iparraldeko neguko konstelazio nagusia da.
Jendeak zer galdetzen deutsue?
Galdera ohikoena Pluton zergatik orain ez den planeta kontsideratzen izaten da. Plutonek ez dauka nahikoa masa, beraz, txikiegia dela esan genezake. Planeta nanoa da. Planisferioa zeruan zelan ikusi eta interpretatu erakusten dogu, Eskala kontuan hartuta.
Zelan sortu zitzaizun astronomiarako zaletasuna?
Egunkari baten kometa bati buruzko zerbait irakurri nuen, zazpi edo zortzi urte nituela. Durangon elkarte bat zegoela jakin nuen, eta hala ekin nion elkartean.
Astronomia ikasi gurako zenuke?
Fisika ikasten nabil, eta master bat egin beharko nuke Madrilen edo Kanarietan. Beraz, master hori ordaintzeko aurretik behar apur bat egin beharko da.
Nondik ikusi daiteke ondo zerua?
Hirietan, argi-kutsadura handiegia dagoen lekuetan, gatxagoa da zerura begiratzea. Gai horren inguruan zer galtzen gabiltzan ere ezagutzera eman gura du elkarteak. Argi-kutsaduraren eraginez, hiritik mendi puntara joan beharra dago zerua ondo ikusteko. Geu ere joaten gara sarritan eguraldiak laguntzen duenean.