Intxaurreko zazpi juntakide deitu dituzte Audientzia Nazionalera

Anboto 2009ko aza. 5a, 16:14

Hilaren 13an Madrilen deklaratu beharko dute Intxaurre Elkarteko zazpi kidek, eta beraiei elkartasuna adierazteko mobilizazioak iragarri dituzte prentsaurrekoan.

Intxaurre kultur elkarteko zazpi juntakide Audientzia Nazionalera deitu dituzte deklaratzera, azaroaren 13rako. 2007an Guardia Zibilak Intxaurreko egoitzan egindako miaketaren harira deitu dituzte, “talde terroristako kide” izatea leporatuta. Auziperatuoi elkartasuna agertzeko eta “eskubide zibil eta politikoen defentsan” hilaren 12an egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu dute; Intxaurre aurrean, 19:30ean.

“Demokrazian oinarrizko eskubide direnak, Euskal Herrian, behin eta berriro zapaltzen” direla salatu eta “askatasun demokratikoen defentsan borrokatzeko eta mobilizatzeko” dei egin dute Amnistiaren Aldeko Mugimendukoek. “Ezinbesteko pausotzat” jo dute Auzitegi Nazionala “deuseztea”, horretara “kanpo injerentziarik bako prozesu demokratikoa eraikitzeko”. Espainiak, “tribunal faxista” horrekin, “salbuespen egoera itogarria” jarri duela diote.

“Euskal Herria oinarri daukan edozein ekimen kultural, politiko edo sozial zapaldu” gura dau Espainiar Estatu “faxistak”, eta auzitegi eta lege “bereziak” sortu ditu, “eskubide zibil eta politikoen urraketa legezko bihurtuz”.

“Errepresioaren judizializazioa” dela-eta, hainbat durangar Auzitegi Nazionalean izan direla gogoratu dute: “Mobilizazioetan parte hartzea, ekitaldi bat antolatzea edo gure ideiei atxikitutako jarduera politikoa epaitu dituzte”. Intxaurrek 20 urtetik gora daramatza “herritik eta herriarentzat lanean, eta traba guztien gainetik Durangoko ezkertiar eta abertzaleon bilgune izaten jarraituko du”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!