Bilboko Nazioarteko 43. Txakur Erakusketa hartuko du, domekan, Landako Guneak. Hainbat arraza eta herrialdetako 900 txakurretik gora batuko dira bertan; tartean, Peruko ile gabeko txakurra edo munduko txakurrik handiena: irlandar otso-ehiztaria. Bizkaiko Txakur Elkarteak antolatutako erakusketak 09:30ean zabalduko ditu ateak. Helduek bost euro ordainduko dute eta umeek hiru.
Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako txakurrak batuko dira; baita Frantzia, Portugal, Italia, Belgika, Ingalaterra, Alemania, Holanda, Danimarka eta Espainiakoak ere. Sexu, mota eta adinaren arabera epaituko dituzte txakur horiek nazioarteko izen handiko epaimahaiak, hainbat kategoria sarituz: txakurkume, beterano eta txakur helduen sailak, edo, taldeko onena eta erakusketako txakurrik onena, adibidez. Finalak hastearekin batera, 16:00etan hasiko dira erabakiekin Errusia, Portugal, Hungaria eta Herbehereetako epaileak.
Txakurron oinarrizko zainketetatik (elikadura, ilearen zaintza, higienea) berezienera (entrenamenduak, ilea moztea, tratamenduak…) ezagutzeko aukera ere emango dute, eta sektoreko berrikuntza nagusien erakusketa ere antolatuko dute.