Aurten hasiko dituzte San Fausto auzoan zentro zibikoa eraikitzeko beharrak

Anboto 2009ko aza. 4a, 09:28

Kirol kantxa batuko duen zentro zibikoa eraikiko dute, eta azpian 101 aparkaleku. 2011 aurretik amaituko dute; 3.400 m2-ko berdegunea ere jaso dute. Egitasmoa behin betiko onartu dute.

Urtea amaitu aurretik hasiko dituzte San Fauston hiri-birgaitze osoaren egitasmoko lanak. Kirol kantxa batuko duen zentro zibikoa eraikiko dute (2.000 m2), eta azpian 101 aparkaleku. 2011 aurretik amaituko dute ; 3.400 m2-ko berdegunea ere jaso dute. Egitasmoa behin betiko onartu dute —denek egin dute bat, Aralarrek izan ezik; abstenitu egin da— eta erakusketa publikoa amaituta, lanak urgentziaz emango dituzte.

Bide luzea darama horrek. Izan ere, Ideia Lehiaketaren irabazleak (2005) jabetza pribatuko baserria jasotzean, EAJk Arau Subsidiarioen aldaketa egin gura izan zuen 2007an, baina beharrezko gehiengo absolutua ez zuen lortu, eta hori erosteko negoziaketak hasi zituzten jabeekin; urteotan ez da ezer lotu. Hiri-antolamenduko plan bereziari heldu zioten urte hasieran, prezioa igotzerik ez zegoela-eta; ez zuten hartu Hirigintza Batzordean adostuta eskainitako gutxienez eman beharreko balioa ere.

650.000 euro erabilgai

Izartu bitartez (2004) 955.000 euro lortu arren, urte biko luzapena eskatu zuen Udalak iaz, eta oinarrizko eta obra-egitasmoan 300.000 euro erabili arren, 2010erako 650.000 bat euro daude erabilgai.

Auzoarentzat daukan garrantzia arrazoitu dute EB-Berdeek; Talde Mistokoek ere bai, azpiegiturei buruz "hausnartu" behar dela esan arren. Hausnarketa "sakona" eskatu du Aralarrek ere, aipatuz arau aldaketarik ez zela behar  erakutsi dela. Kirolari lekua egiten dion zentro zibikoa dela dio PPk, eta PSE-EEk laguntzok ezin direla galdu: "Errudun egin gaituzte, baina iaz ere bide honetan jardunda ulergaitza da atzerapena". EAJk "akordioa lortu eta dena era arrazoituan antolatu" nahi izan du, “azkenera arte negoziatuz”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!