Urteotan Guatemalako Pochuta herrian martxan jarritako proiektuen balorazioa egin du Bateginez Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Lan horretarako Kalidadea aholkularitzaren laguntza jaso du.
Azterketaren arabera, “Durangaldeko kooperazioak gizarte aldaketa martxan jartzen lagundu du”. Ikerketaren egile Itziar Rubiok Pinondo Etxean emandako berbaldian, Bateginezen parte-hartzearen “egokitasuna” azpimarratu du. Martxan jarri dituzten proiektuak Pochutako herritarren oinarrizko beharrizanetara bideratuta daudela gaineratu du, osasun eta hezkuntza arloan.
Bateginezek Pochutako APSADEC elkartearekin elkarlanean dihardu. Rubioren berbatan, “lan-talde bakarrak dihardu lanean eta genero ekitatea ezagutu eta lantzen dute, eta baliabideen erabilera egokia egiten dute”.
Orain hamarkada batetik Bateginezek ez dauka bolondresik Pochutan. APSADECen bitartez lan egiten dute. Bertako elkartea “indartu” egin da azken hamabost urteotan. “Komunitateko liderrak” sortu dira. “Pochuta herriko elkarte prestigiotsuena bilakatu da”, dio Kalidadeak.
Balorazioan nabarmendu gura izan dutenez, beka kopurua handitu egin da, eta geroago eta emakume gehiagok parte hartzen dute hezkuntzan.
Aurrerapausu handiak eman dituzten arren, Bateginezek erronka handiak dituela azaldu dute, hala ere; bai Pochutan eta bai Durangaldean bertan. Bertako eta hemengo elkarteen arteko harremana sendotu gura dute. Bateginezek elkarte moduan barne gogoeta jarri du martxan. Boluntario falta eta kudeaketa sistema berria sortzea dira elkarteak aurre egin beharreko gai nagusiak.