‘Dantzaroa…’, Durangaldeko folklorea plazaratzeko zita

Anboto 2009ko urr. 30a, 14:04

Mendeetan gordetako Durangaldeko folklore “aberatsa” eskainiko dute eskualdeko dantzariek, zapatuan, Durangoko Andra Mariko elizpean. Abadiño, Garai, Iurreta, Berriz, Mañaria eta Durangoko taldeak batuko ditu; Elorrio eta Izurtza ere gonbidatu dituzte.

Garaiko Gernikako Arbola dantza, Gorularien estanpa, Arkudantza, Domingillo dantza, Elorrioko Errebonbilloak, Durangoko Platilo Soinua, Iurreta eta Garaiko nesken sokadantza eta Dantzari Dantza eskainiko dituzte Durangaldeko 180 bat dantzari eta txistularik Durangoko Andra Marin, zapatuan, 19:30ean. Mendeetan gordetako “dantza eta kantu inguruko folklore aberatsa” plazaratzeko hitzordua jarri du Gerediaga elkarteak: ‘Dantzaroa…’. Alde Zaharrean kalejira egingo dute, 19:00etan.

Oraindik agintarien aurrean egiten diren eta eskualdeko folklorearen adierazle nagusi diren dantzok, askorentzat ezezagunak, plazaratu eta ezagutzera eman gura ditu urteroko zita izan gura duen ‘Dantzaroa…’-k, eskualdeko dantzarien eskutik. Abadiño, Garai, Iurreta, Berriz, Mañaria eta Durangoko taldeak batuko ditu; Elorrio eta Izurtza ere gonbidatu dituzte.

Usadioak eta dantza

Dantzokin lotuta beste ohitura batzuk ere mantendu dira, argitu legez. Hor dira Garaiko Gernikako Arbola dantza —prozesioan, Santiagoren irudiaren omenez, dantzari eta herritarrek egindakoa—, Elorrion, Errosarioko Ama Birjinaren aurrean, Errebonbiloekin sasoi bateko arma alardea gogoratzen duen prozesioa, edo Durangoko Euskal jaietarako, Valentin Zubiaurrek, beste batzuen laguntzarekin, 1886an berreskuratutako Gorulari estanpa; Iurretan, 1972an berreskuratutako dantzak ere bai.

Andra eta gizonen arteko dantzak ere badira inguruko jaietan: Soka Dantzak, mutil edo neskek zuzenduta; Garaiko Santa Ana eguneko Aurresku Nagusia, andra ezkondu batek burutua; edo ‘San Sebastian…’ kantuarekin Iurretako neska gazteek egindakoa. Denak erakutsiko dituzte, eta, gero euskal baserri oilasko dastaketa eskainiko da. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!