Iaz hasitako bideari eutsitz, omenaldia egingo die Durango 1936 kultur elkarteak, barikuan, urriaren 23an, “askatasunaren, justiziaren eta nazio eskubideen alde” bizia eman zuten borrokalariei: ‘Agurrik gabeak’ gogoratuko dituzte, 20:00etan, Plateruenean.
Durangoko Ordena Publikoko kide Juan Eskubi (ELA-STV) Larrinagako (Bilbo) kartzelatik atera eta Derioko hilerrian fusilatu zuten 1938ko urriaren 24an. Hori gogoan hartuta jaio zen 2. aldia daukan ‘Agurrik gabeak’ borrokalari antifaxistei omenaldia. Aurten oroimena zaindu zutenak hartuko dituzte gogoan, bereziki.
Olmako tximinian aurreskua eta lore eskaintza egingo ditue, eta kantaldia eskainiko du Fermin Balentziak Plateruenean. Aurretik, baina, Juanjo Lópezek zuzendutako Durango, oroimenaren gogoan dokumentala, euskaraz eta gazteleraz editatua, erakutsiko dute. Durango 1936k ekoiztutakoari —50 kopia egin dituzte, eta protagonisten artean banatu—, Ander Ertzillak jarri dio musika, eta Iñigo Camarero izan da argazki-arduraduna. Batutako izenei “bizitza eman” gura diete, testigantzak jasoz.
“Egiaren mesedetan”
“Errepresaliatuen testigantzari forma eman” eta Gerra Zibilari buruz informazioa zabaltzea dute helburu; “Egiaren mesedetan”, Durango 1936koen berbatan: “Frontean, kartzelan, fusilatuak, desagertuak… ehundik gora durangar izan ziren, eta Nafarroako Pirinioetan bakarrik eskualdeko 37 esklabu zeuden”. Aranzadi Zientzia Elkarterekin elkarlanean, artxiboa osatzen ere badabiltza testigantzekin.
Juanjo López: “Isilean gordetako oroimena kontatu digu zenbait protagonistak”
Gertuko errealitatea kontatzen du Durango, oroimenaren gogoan dokumentalak, Juanjo López zuzendariaren berbatan, Durangotik ikusita: “Zenbait protagonistak isilean gordetako oroimena”. Horretara, “barrura begiratzeko” lana da. Kontakizun belikoa hor dago, baina “bizitakoaren eta sentitutakoaren oroimena islatu” gura izan du. “Umeen begietatik gerra kontatzen duten adinekoak” dira protagonista, eta ez du pertsonalizatu.
Lan handia ekarri du testigantzak jasotzea, dioenez: 19 lagun elkarrizketatu dituzte eta “20 orduotatik segundu gutxi batzuk jaso dira”. Protagonistek, gainera, “freskotasuna eta naturaltasuna” eman die. Estatu-kolpearen aurreko bizimodua, gerra eta gerraondoa batu ditu, “amaiera zabalik utziz: dramak oraindik badirau-eta”.
Iurreta askatu (1985), Anboto, sortaldeko bakardadean (1991) edo Elorrio, lehenaldiak (1992) sortu dituenak, “demokrazia ez zela 1975ean asmatu ikusi eragin gura” du: “Gerra Zibilak dena apurtu zuen eta oraindik bizi den tragedia hasi”. Baliabide eskasekin “lan duina” egin dela deritzo. Bideografiken laguntza eskertu gura izan duenak.