Hirigintza Batzordeak Santa Anako arrasto arkeologikoak estaltzea erabaki izana ez dute begionez hartu sozialistek. Salatu dutenez, Udalaren webgunearen bitartez jasotako zortzi eritzietatik zazpi indusketaren zati bat agerian uztekoaren aldekoak izan dira, “herritarrek hiriaren ondare historikoari probetxua ateratzeko edo erakargarri turistiko lez”.
Jakitera eman dutenez, sozialistek bakarrik egin zuen kontra. EAJ, PP eta Talde Mistoa agertu ziren alde. Aralar abstenitu egin zen eta EB-Berdeen zinegotzia ez zegoen.
PSE-EEk galdetu du zergaitik egin dieten kontsulta herritarrei EAJk, “eritziei kasu egiten ez badiete”. Aurretik, Hirigintza Batzordean aurreikusi ziren hainbat ekarpen egin ei dira: “dokumentazio zehatza lantzea argitalpen espezializatu batekin, dibulgazioko beste batekin; Santa Anan, indusketei buruzko informazio puntua jartzea; ubidea garbitzea…”. Sozialistek Erdi Aroko harresiaren zati bat —Santa Ana arkuaren albokoa— agerian uztea defendatu dute: “Horrela, plazaren erabilera ez litzake kaltetuko eta Santa Anako ohiko ekintzekin jarraitzea legoke”.
Lanak gelditu gabe
Espainiako Gobernuko Tokiko Inbertsioen Estatu Fondoen bitartez berriztatuko dute Santa Ana plaza, eta arrastoak agerian utziz lanak gelditu ez eta epean amaitzeko aukera eman dutela dio PSE-EEk, lotutako aurrekontuarekin. “Zati hori beste epe eta aurrekontu batekin amaituko litzake. Azterketa egin eta metakrilatoz estali edo agerian utzi ziteken, arkeologo eta arkitektuen gomendioen arabera”.