Eraso faxista eta homofoboak salatzeko elkarretaratzea antolatu zuten zapatuan Durangoko Andra Marian. Hain zuzen be, Markel Ganboa Aralarreko kideak jasotako mehatxuak izan zien deialdiaren oinarri, eta antolatzaileen esanetan, "100 pertsona inguruk" egin zuten bat protestarekin.
Mobilizazio horretan Jon Abril Aralarreko koordinatzaileak parte hartu zuen, "Ganboari elkartasuna adierazteko, eta bide batez azkenaldian izandako eraso faxistak salatzeko". Elkarretaratzean irakurritako mezuak zera zioen: "beldurra sortu beharrean, gertatu denak borrokan jarraitzeko indarra ematen digu".
Aralarrez gainera, ekitaldian Iratzarri, EHGAM, Sare Antifaxista eta EAJ izan ziren; alkatea ere bertaratu zen.