Munduari bira, Durangoko gazte baten pedalkadekin

Anboto 2009ko urr. 16a, 15:05

Jose Luis Perez “Kuku” durangarrak Indiarako bidea hartu zuen martxoan, bere bizikleta zaharra lagun zuela. Hilabeteetako esfortzu eta bizipenen ondoren, Indiara heldu da oraintsu. Helburua bete duen arren, gogorik ez du falta, eta aurrera segitzeko asmoa agertu du.

Martxoaren 8an irten zen Durangotik Jose Luis Perez, eta oraindik ez da etxera bueltatu. Bere helburua bete du: Indiara ailegatu da. Baina, hala ere, munduari buelta ematen jarraitu gura du, abentura gosea ez du-eta asetu. Gogoz eta umorez beterik dago “Kuku”, eta gure galderei ere horrela erantzun die, Indiatik.



Abentura da berea, eta abentura da, baita ere, berekin hartu-emanetan jartzea. Arazo ugari ditu hemengoekin komunikatu ahal izateko, baina azkenean lortu dugu berekin berba egitea. Gaixorik harrapatu dugu, anginekin.

Durangotik Bartzelonara joan zen lehenengo, eta horren ondoren Europa zeharkatzen hasi zen. Espainia, Frantzia, Monaco, Italia, Grezia, Turkia eta Arabiar Emirerri Batuak pasatu zituen Indiara heltzeko.

Pentsatzekoa den legez, hainbeste egunetako esperientzian denetarik gertatu zaio. Berak dioenez, “bidaia osoa anekdota bat izan da”.

Atseden hartzen

Indiako Goa hirian dago une honetan Durangoko gazte abenturazale hau. Bidean, eguraldi txarra, errepideak eta bizi-baldintzak izan ditu bere kontra, baina ez da kikildu, ezta gutxiagorik ere Momentu zailenak Iranen igaro zituen, gatazka piztu baitzen hauteskundeen harira. Arazoak arazo, beti egin izan duu aurrera. Orain, baina, nekea pilatu zaio, eta atsedena hartzea erabaki du.

Oraingoz, esperientzia ona izan dela esan digu, kontuan izanda 60 euroko bizikleta batekin irten zela eta ez duela ia arazo mekanikorik eduki.

Laguntza bila

Kukuk dioen moduan, “Txatarrilaren gaineko proiektua” ez da eten. Lehenengo etapa amaituta, beste bati ekiteko intentzioa dauka. Dena dela, horretarako, laguntza eta babesleak behar ditu. Izan ere, diruz urri dabil azken aldian, eta jaso dezakeen ekarpenaren menpe dago bidaiarekin segitu  ala etxera bueltatu. “Etxera bueltatzeko dirurik ere ez daukat”, azaldu digu txantxetan.
Bizikleta du garraio, etxe eta lagun. Abentura %100. Bidean jende ugari ezagutu du, eta guztia bere blogean irakurri daiteke:  thetxatarrillasprojet.blogspot.com webean. Interesa dutenek berekin kontaktuan jartzera ere animatzen ditu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!