Aralarreko eta Iratzarri gazte erakundeko militanteek euren kide Markel Ganboak asteburuan jasotako “mehatxuak” salatu dituzte. Etxeko postontzian eta ateko oin-zatarrean itzitako gutun bi jaso ditu Ganboak ‘Comunista de mierda’ eta ‘Maricón de mierda’ lako esaldiekin, eta bere izena zein Aralar eta Iratzarri diana baten barruan sartuta, jakin eragin dutenez.
EHGAMeko kide ere baden Ganboak militantzia eta borroka “beldurragatik”utzi dezan gura dute gutunok helarazi dituzten ezezagunek, Aralar eta Iratzarriko militanteek salatu dutenez, “era koldar eta zigor bakoan”. Ertzaintzan salaketa aurkeztu dute, “autoretzaz zalantzak” eduki arren, Espainiako Falangeak sinatutako gutunongaitik. Ganboari eta familiari elkartasuna agertu diote.
Era berean, bere lana “babestu” eta horretarako “askatasuna” exijitu dute Aralarreko eta Iratzarriko militanteek, eta “bere oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzen ditueen mehatxu faxista eta homofoboak” salatu. Beldur eta mehatxuen gainetik elkarrekin lanean jarraituko ei dute. Bihar, Andra Marian, 12:00etan, egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko dei zabala egin dute. Eraso faxisten aurrean ez gara isiltzen lelopean egingo dute