Durangaldeko Herri Komunikabideak eta Durangoko Kafe Antzokiaren Lagunak elkarteekin Udalak sinatuko dituzten hitzarmenak onartu ditu udalbatzak. Bost urtekoa izango da azken hori, eta Durangaldeko Herri Komunikabideak elkartearekin sinatu beharrekoa hirukoa.
Azken horretan abstenitu egin da Talde Mistoa, horrek ere bost urtekoa izan beharko lukeela eritzita. PPk bien kontra egin du, “egungo testuinguruan” 40.000 euro “guztiz eskandaluzko dirutza” delakoan.
Anboto astekaria doakoa dela eta talde guztiei lekua emateko “borondatea” daukala esan arren, Durangoko Kafe Antzokiaren Lagunaken kasuan, “irabazizko jarduera batez” dihardutela arrazoitu du PPk.
EB-Berdeek hitzarmenon garrantzia nabarmendu dute, “kultur zein informazio arloan, euskaraz egindako” lanagaitik. Antzokiak San Agustin kulturgunearekin koordinatzea “premiazkoa” ere baderitze, Aralarrek lez; Anbotok euskararen normalizazioan daukan garrantzia nabarmendu dute azken honeek, eta hitzarmena “guztiz justifikatuta” dagoela.
Anbotorekin lotutako baldintzekin “pozik” dago PSE-EE, eta antzokiaren proiektuan bere garaian “sinestu” zutela diote; bere “zati” direla. Kulturgune “erreferentziala” da antzokia Talde Mistoarentzat, eta Anbotoren alde “benetako apustua” egin behar da. “Gure hizkuntza eta kultura babesteko bidea” dira hitzarmenok, EAJren ustez.