
Agustin Alkorta - Futbol entrenatzailea
Futbolari profesionalak, betidanik eduki dau ‘jubilatu’ eta gero entrenatzaile modura jarduteko joera. Euren esperientziagaz eta euren ibilbidean eduki ditueen maisuekin ikasi daben guztiagaz, aurreratutako asko daukiela pentsatzen dot. Baina horrek guztiak arrakasta izatea bermatzen dau? Neure zalantzak daukadaz.
Niretzat, gauza horreetaz guztietaz gainera, bokazinoa behar da, eta langilea izan; zorte apur bat be behar da. Adibide bi erakutsiko deutsuedaz: Guardiola eta Maradona. Biak jokalari handiak izandakoak, baina entrenatzaile moduan bestelako emaitzak daukiezenak.
Lehenengoak jokatzen ebanean, bere taldekideei aginduak emoten pasatzen zituen partidu osoak (bokazinoa erakutsiz). Langilea dela be demostratu dau eta, zorte apur bategaz, zerua ikutu dau bere hatzamarrekin (tripletea). Eta oraindino gose dela emoten dau.
Bigarrenak, aldiz, jokatzen ebanean ez eban inor behar, partiduak irabazteko bera bakarrik nahikoa zelako; handiena izan da-eta. Horraino, ondo. Baina, orain, bere herriko hautatzaile izateko ardura emon deutsie, eta emaitzak hor dagoz: Argentina, mundialetik kanpora geratzeko dago. Jokalari onak elkarren ondoan ipintzea ez da nahikoa. Talde guztiek estruktura bat behar dabe, eta landu egin behar dira.
Talde bat edo selekzino bat zuzentzea ez da bardin, baina… ez daukat zalantzarik: jokalari izatea bat da eta entrenatzaile beste bat.