Zaha Hadiden diseinua gauzatu dezala eskatu dio Gobernu Taldeak Jaurlaritzari

Anboto 2009ko ira. 24a, 13:41

Eusko Jaurlaritzatik Durangoko Udalari jakinarazi dionez, baliteke Zaha Hadidek Euskotrenen egoitza berria izan dadin diseinatutako proiektua bertan behera geratzea. Ildo horretatik, EAJk osatutako Gobernu Taldeak obrak egiten jarraitzeko eskatuko dio Jaurlaritzari. Durangoko garapen ekonomiko eta turistikorako egitasmo hori “oso garrantzitsua” dela deritze.

Eusko  Jaurlaritzatik Durangoko Udalari jakinarazi dionez, baliteke Zaha Hadidek Euskotrenen egoitza berria izan dadin diseinatutako proiektua bertan behera geratzea. Gobernu Taldeak jakinarazi duenez, Udaleko teknikoei eman diete horren berri. "Instituzionalki ez digute jakinarazpen ofizialik helarazi", azaldu dute udal arduradunek.

Beste bide batetik ere azaleratu dute aukera hori: Aralarrek Jaurlaritzari idatziz bidalitako galdera sortan, horietako batean galdetu zuten hain proiektu handia Durango erdian kokatzea egokia ote den, 396 aparkaleku bakarrik aurreikusi dituztela kontuan hartuta; Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak emandako erantzuna honako hau izan da: “EuskoTrenen eta Euskal Trenbide Sarearen egoitzak hor kokatzeko aukerari buruz, gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko zaila kontuan izanda, erabaki bat hartu baino lehenago horri buruzko gogoeta egiten gabiltza”.

EAJk osatutako Gobernu Taldeak obrak egiten jarraitzeko eskatuko dio Jaurlaritzari. Durangoko garapen ekonomiko eta turistikorako egitasmo hori “oso garrantzitsua” dela deritze. Gaur egungo egoera ekonomikoa dela-eta, “ulergarria da obrak egiteko arazoak izatea eta, ondorioz, atzeratu edo luzatu behar izatea”, diote, “baina ez genuke ulertuko egitasmoa ez gauzatzea”.

Horrez gainera, trena lurperatzeko egitasmoa orain hiru legegintzaldi sortu zela gogoratu dute, eta Durangoko Udala “hasieratik inplikatu” zela durangarren “bizi-kalitatea hobe egingo” zuelakoan.

Lurperatze-lanak aurrera

Proiektua kudeatzeko ardura daukan Euskal Trenbide Saretik  jakinarazi dutenez, proiektua geratzea erabakitzen badute ere, “lur gaineko eraikinari edo zatiari bakarrik eragingo dio”. Beraz, “trena lurperatzeko proiektuari ez lioke eragingo; ezta lur azpitik aurreikusita dagoen tren geltokiari eta galeria komertzialari ere”.

Zaha Hadiden proiektua 2004an aukeratu zuen. Proiektu osoak, egoitzaz gainera, inguruan bost etxibitza eraikin eta parke bat ere aurreikusten ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!