Bizikleta erreiak edo bidegorriak bizikletentzako direla aldarrikatu guran, elkartea sortzeko pausoak ematen hasita dagoz eskualdeko hainbat bizikletazale. Iurretako Goiuria kulturgunean dauka egoitza asteon aurkeztu duten ‘Sigi-Saga’ Durangaldeko bizikletazaleen elkarteak. Agus Ruiz elkarteko kideak azaldu duenez, 40 atxikimendutik gora jaso dituzte.
Europako hainbat herrialde eredu hartuta “mentalitatea” aldatu gura du Sigi-Saga elkarteak, eta bidegorriak, oinezbideak beharrean, bizikletentzako erreiak direla ohartarazi; era berean, bizikletariek bertatik ibili behar dutela ere gogorarazi ere bai. Gaur egun, Durangon bakarrik dagoz bizikletentzako erreiak eskualdean. Udalei eskatu gura diete, bestalde, horiek libre egotea bermatzeko neurriak hartzeko. “Udalek inbertsioa egiten dute, eta euren funtzioa bete dezaten gura dugu”, dio Ruizek.
Udalek elkarlanean bizikleta-erreien erabilera araudiak osatzea gura du Sigi-Sagak. Era berean, “epe luzera” bada ere, Durangaldeko bizikleta-errei sarea osatzea. Bide-hezkuntza edo mekanika ikastaroak antolatzea ere pentsatu dute. Jaurlaritzara jo dute beharrezko tramiteetarako, eta urte amaieran Zuzendaritza Batzordea osatzea aurreikusi dute.