Urtebeteko atzerapena izan dute trena lurperatzeko lanek Durangon. Eusko Trenbide Sareak-ek azaldu duenez, aurreikusi baino obra handiagoa egin behar izan dute: “Obrari hobeto eusteko mikropilotedun pantaila bat jarri behar izan dugu , haitzean ainguratuta”. Aldaketa horrek, denboran eragiteaz gainera, inbertsioa garestitu egin duela gaineratu dute. Obra hori guztia inguruko etxebizitzen “segurtasuna eta egonkortasuna arriskuan ez jartzeko” egin dutela azaldu du ETSk, Aralar alderdiari trenaren lurperatzearen inguruan egindako galderei erantzunez.
Trenaren lurperatzea Durango Operazioa deitutako proiektuaren barruan jarri dute martxan. Geltoki intermodala, zentro komertziala, arkitektu ezagunek diseinatutako eraikinak eta 360 ibilgailurentzako aparkalekua egitea aurreikusi dute. Gainera, Durangoko kotxerak Lebariora eramango dituzte, eta Traña-Lebario tartea bikoizteko lanei ekitear daude. Datorren urtean Euba-Iurreta tartea bikoizten jarraitzeko asmoa dute.