Udalak aldi baterako 13 lanpostu barri sortu ditu INEM-Tokiko Gorporazioak egitasmoaren baitan, eta datozen hileotan beteko dira gehientsuenak.
Erreka garbiketa eta kontrolerako ekintza zuzeneko brigadan jarduteko hiru peoi eta ofiziala uztail amaieran hasi ziren lanean, eta irailean lau hiri-agente hasiko dira. Ondotik, hiriko lokalen azterketarekin amaitzeko hiru lagun —koordinatzailea, administraria eta deliniantea—, sustapen ekonomiko, enplegu eta formazio teknikaria eta komertzio teknikaria kontratatuko dituzte. Apurka beteko dituzte postuok, batzuek formazioa ere beharko dute-eta.
INEMek %100ean lagundutako sei hileko kontratuok —276.000 euro — krisi egoerari aurre egiteko Udalak landutako lan ildoetako bat dira. Aurrerago sakonduko duten ituna ere adostu dute Aldundiarekin, 50 lanpostu sortzeko, eta gizarte eta laneratze enpresekin ere lan egingo dute.
“Urteetako utzikeriaren ondoren eta guk behartuta bada ere”egitasmoarekin bat egin duela-eta, PSE-EEk “zoriondu” egin du EAJ. “Ez dakigu, baina, enplegu eta ekonomia sustapenean zein estrategia daramaten”.