Lehergailua eztandarazi dute PSE-EEren egoitza aurrean

Anboto 2009ko uzt. 10a, 09:14

Lehergailua zartarazi dute PSE-EEk Askatasun Etorbidean duen egoitzan. Eztandak kalte material handiak eragin ditu, baina ez da inor zauritu. Leherketa 23:55ean izan da. Jaurlaritzako Herrizaingo sailaren arabera bonbak bi-hiru kilo lehergai zituen. Durangoko Udalak elkarretaratzea deitu du 12:00etan Udaletxe aurrean.

Lehergailua zartarazi dute PSE-EEk Askatasun Etorbidean duen egoitzan. Eztandak kalte material handiak eragin ditu, baina ez da inor zauritu. Leherketa 23:55ean izan da. Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren arabera bonbak bi-hiru kilo lehergai zituen. Aitziber Irigoras alkateak azaldu duenez, ordubete lehenago herritar batek burua estalita zuen lagun bat  bonba jartzen ikusi du eta Udaltzaingoari jakinarazi dio. Ertzaintzak egoitza gaineko bizilagunak etxeetatik atera ditu lehergailuak eztanda egin baino lehen.

Durangoko Udalak atentatua salatzeko bozeramale batzordea deitu du gaur goizerako eta elkarretaratzea 12:00etan Udaletxe aurrean.

Bonba jarri duten lokalak 107 metro inguru ditu. Bi gela txikiak guztiz txikituta geratu dira eta sukalde legez erabiltzen zutena ere nahiko erasanda. Fernando Castillo Durangoko Udaleko PSE-EEeko zinegotziaren arabera behin lehergailuak eztanda egin eta zauriturik ez zegoela jakitean egoitzako gas ihesa izan da arazo nagusia. Ordu eta erdi inguru atzeratu du Ertzaintzaren jarduera.

PSE-EEren egoitza 2004an inauguratu zuten Askatasun Etorbidean. Behin pintura boteak jaurti eta aurrealdea zikindu zioten egoitzari, baina horixe zen erasoren bat jansandako aldi bakarra. 2004ra arte Ermodo kalean zuten egoitza. “Birritan koktelekin aurrealdea erre zioten eta beste behin barrura sartu eta sua eman zioten, dena kiskalduz”, Castilllok gogoratzen duenez.

Atentatuaren gainean dio Castillok, “hau egin dutenen azken bakarra atxilotua izatea da eta ondoren epailearen aurrera eramatea da”: “Lortu duten gauza bakarra inguruko bizilagunei susto itzela ematea eta euren bizitzako unerik txarrenetakoa pasatu araztea izan da”.

Goizean zehar , Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia eta Iñaki Pastor  PSE-EEren Parlamentuko bozeramailea hurreretau dira atentatu izan den tokira.

Udaleko bozeramale batzordearen adierazpena


Durangoko Udaleko bozeramale batzordeak gaur goizean egindako batzarrean ondorengo adierazpena onartu du:

- ETAk PSE-EEren egoitzaren aurka egindako ekintza terrorista goitik behera kondenatzea. Egoitza bera suntsituta geratu da eta inguruko zenbait etxebizitzek ere kalte material handiak jasan dituzte.

- Elkartasuna adieraztea PSE-EE alderdiari eta, halaber, bere ordezkari, kargu publiko, afiliatu eta jarraitzaileei.

- Elkartasuna adieraztea inguruko etxebizitzetako kaltetuei. Egin dezakegun guztia egingo dugu berauei laguntzeko.

- Gure gaitzespena adieraztea era honetako ekintza bortitzen aurrean, oinazea baino eragiten ez dutelako.

- Gure herriaren arazoak konpontzeko bide demokratikoak baino ez ditugula erabiliko konpromisoa berretsi egiten dugu.

- Dei egiten diegu herritarrei gaur, eguerdiko 12:00etan, Udaletxe aurreko plazan egingo den kontzentrazioan parte hartu dezaten.

Testigantzak: “zergatik ez gaituzte abisatu?”

San Roke kaleko bizilagunek bertatik bertara bizi dute atentatua. Izan ere, San Roke 14 zenbakia egoitzaren ia aurrez aurre dago. Portal horretako eta 12.eko lau-bost lehio apurtu ditu eztandak. 12.eko bigarren pisuan bizi den batek –leihoa txikituta du- bere bizipena kontatu ditu. “Bart etxera nindoala ikusi dut motxila beltz txiki bat egoitzaren ateetan. Txikia zen, 30 zentimetro zabal eta 20 bat garai. Ondoren, kanpoan burrundara hotsa entzunda –Ertzainena- terrazara irten naiz eta dena zigilatuta zutela ikusi dut. Barrura sartzeko agindu didate. Pertsianak bajatu ditugu. Hala ere, beste leiho batetik begira jarraitu dut. Ertzain bat linterna batekin astiro-astiro hurreratu da motxila edo kaxa zegoen tokitik hogei bat metrora arte. Ondoren, CEDAko unitatea iritsi da eta haiek lanean hasi aurretik egin du eztanda bonbak”.

Askatasun Etorbidearen amaieran bizi den beste bizilagun bat kexu agertu da Ertzaintzak ez dielako abisatu. Bizilagun honen etxebizitzak egoitzaren atzeko aldera ematen du -29. zenbakia- baina metro gutxira dago: “Inork ez gaitu ezertaz ohartarazi. Terrazara irten naizean dena zigilatuta zegoela konturatu naiz. Barrura sartzeko agindu didate. Banekien kontua zertaz zihoan, ez zen zaila asmatzea, baina egoitza dagoen eraikineko bizilagunak atera badituzte, ez dakit zergatik guri ez diguten tinbrea jo, gutxienez, eta zer gertatzen zen kontatu. Beste hainbat bizilagunek itzelak esan dizkiete horregatik ertzainei. San Roke 14 eta 12ko hainbat lehio apurtu ditu eztandak, baina kontatu didatenez barruragoko kristalen bat ere hautsi du uhinak”.

Kalteen erreklamazioa


Durangoko Udalak jakinarazi du kalte materialak jasan dituzten lagunek zer dokumentazio behar duten erreklamazioak bideratzeko.

Ondasunen asegurua duten eragindakoak: Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak kalte materialak jasan dituztenen erreklamazioak bideratu ahal izateko ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar da Herritarren Arreta Zerbitzuan (Andra Mari elizaren ondoan): Ertzaintzan egindako gertakarien salaketa, udaletxean eskuratu daitekeen erreklamazio inprimakia (NAN eta harremanetarako telefonoarekin), ‘Datuen Alta / Hirugarren interesatua’ dokumentoa (udaletxean eskuragarri), NANaren fotokopia, kaltetutako etxebizitzako eskrituren kopia edo ondasun higiezinen gaineko zergaren erreziboa edo alokairu kontratua, aseguru polizaren baldintza berezien fotokopia, ezbeharra izandako epealdiari dagokion aseguru-primaren  bankuko ordainagiriaren fotokopia, eta kaltetutako  ibilgailuaren zirkulazio baimena.

Ondasunen asegurua ez duten eragindakoak: Eusko Jaurlaritzak kalte materialak izan dituztenen erreklamazioak bideratu ahal izateko ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar da Herritarren Arreta Zerbitzuan: Ertzaintzan egindako gertakarien salaketa, eskaera-orria 214/2002 Dekretuari jarraituz (udaletxean eskuratu daiteke), kaltetuaren NAN  fotokopia, ‘Datuen Alta / Hirugarren interesatua’ dokumentoa (udaletxean eskuragarri), kaltetutako etxebizitzako eskrituren kopia edo ondasun higiezinen gaineko zergaren errziboa edo alokairu kontratua.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!