Euskal-Harley-Custom’ jaia ospatuko dute, uztailaren 3tik 5a bitartean, Landako erakustazokan. Horietariko 200 mototik gora batuko dira, eta nobedade moduan bide heziketa zirkuitua ere egokituko dute; gaztetxo ezinduek moto elektrikoan jardun ahal izango dute. Geu Be eta Stop Accidentes elkarteak gonbidatu dituzte. Aeromodelismo erakustaldia ere izango dute domekan.
Udalaren laguntzarekin, Durango eta Iurretako Dendak merkatari elkarteak bultzatutako jaiaren baitan, besteak beste, kontzertuak (Reverendo Parker, The West, Brokers Brothers Brass…), biker-jokoak, moto-irteerak, afaria, bandera desfilea eta suziriena —hildako motozaleak omenduz— antolatu dira. Horrez gainera, txosnak, Harley produktuen salmenta guneak eta tatuaia egileek jarritakoak egongo dira; 15 bat erakustoki guztira.
300era heldu guran
Inaugurazio ekitaldia gaur 20:30ean egingo dute. Izena eman dute 200 bat motozalek, baina antolatzaileek 300 bat batzea itxaroten dute, “askok eta askok azken unera arte itxaroten dute-eta”. Galizia, Katalunia, Leon eta Madrildik bertaratuko dira, besteak beste, Euskal Herriko hainbat lekutatik ez eze. HDC Euskal Herriak-en babesa izan dute.
Lehenengo edizioa da hau, baina ekitaldi iraunkorra izatea gura dute antolatzaileek. Frai Juan Zumarraga institutuko frontoian lo-lekua egokitu dute, baina Irteera txikiak produktu turistikoaren eskutik ostatu ere hartu daiteke, arrazoizko prezioan.