Euskal presoen oinarrizko eskubideak “urratzen” dituen “sakabanaketa politika” behin betiko amaitzea eskatuz, mozioa aurkeztu dute, gaur, udalbatzarrean, batutako 400 sinadurarekin batera.
Gaixo direnak, zigorra beteta dutenak eta baldintzapean direnak “berehala eta baldintzarik gabe” libre uztea ere eskatuko dute, “Euskal Herrian aske eta baldintza gabe bizitzeko eskubidearekin”.
Euskal Herriratzea eskatuko dute, “dagokien eskubideen jabe”, eta euren egoera jarraitzeko Udal Batzordea sortzea, “eskubideak errespetatzeko ahal den guztia egiteko konpromisoa hartuz”.
Ezker abertzaleko zinegotzien berbetan, Durangaldean 2.000 sinadura batu dituzte Abadiño, Elorrio, Atxondo eta Izurtzan onartutako mozioaren alde. Zaldibarren ez da onartu. Eskaerok betetzea eskatzen die PSE-EEri eta EAJri, “dispertsioari noiz arte eutsiko” dioten galdetuta. Zapatuan, ekainaren 27an, 19:30ean egingo den manifestaziora deitu dute.