Zaldibartik abiatuko da Txirringaz, euskal presoei elkartasuna adierazteko bizikleta martxa, ekainaren 26an 19:00etan. Berriztik igarota Elorriora helduko da iluntzean, Etxerat-ek deitutako hileko azken barikuko elkarrateratzearako.
Elorriotik 11:30ean irtengo dute 27an, eta Atxondo eta Abadiñon zehar, Durangora 18.00etan heltzea aurreikusi dute. Durangon, 19:30ean antolatutako manifestazioan parte hartuko dute, eta elkartasun bertso afarian, 21:00etan.
Orain arteko konpromisoa berretsi gura du Durangaldeko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak 8. aldia daukan Txirringaz martxarekin: “Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontze aldera, euskal presoei elkartasuna erakustea eta kolektiboaren kontrako eskubide urraketak salatzea”. Parte hartzera deitu dute. “Salbuespen egoera” eta eskubide urraketa salatu dute: “Presoekiko elkartasuna deusezteko helburua agerikoa da. Azken pausoa, presoen argazkiak desagertzeko emandako agindua”. Azken 30 urteotako euskal preso gehien daude: 783.