Durangaldeko Behargintzak antolatuta ‘Berrikuntza Agenda’ programa aurkezteko jardunaldia egingo dute datorren ekainaren 26an, 09:00etatik 11:30 arte. Izena emateko epea ekainaren 19an amaitzen da.
Innobazioaren gainean aurten eratutako bosgarren jardunaldi horrek ‘Berrikuntza Agenda’ programan parte hartzeak dakartzan abantailak jakinaraztea du helburu. Era berean, enpresak berrikuntzaren eremuan daukan profilari eta egoerari buruz hausnarketa egin gura dute, eta berritzeko erreferentzia izan daitezkeen esperientziak trukatu, antolatzaileek adierazi dutenez.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Sprirekin elkarlanean bultzaturiko programa da, eta “enpresen lehiakortasuna bermatzea” du helburu. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresa txiki eta ertainei eskainitako laguntza eta ekimenak aurkeztuko dituzte Durangaldeko Behargintzan izango den jardunaldian, eskualdeko enpresak berritzaileagoak izan daitezen: “Berrikuntza sistematikoa enpresan txertatzeko”. Parte hartzeko ekainaren 19a artekoa da izena ematea: 94 623 25 22 / berrikuntza.mdurango@bizkaia.org