ONA osasun txartel elektronikoa zabaltzeko gune berriak egokitu ditu Durangoko Udalak. Horrela, ekaina eta uztaila bitartean, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (08:00etatik 14:00etara) ez eze, Landako kiroldegian eta Udal Liburutegian —liburutegiko erabiltzaileek bakarrik tramitatu dezakete— ere eskuratu daiteke ONA, 17:00etatik 20:00etara.
Jada 1.000tik gora durangarrek eskuratu dute txartela, eta laster gestio administratiboak bulegoetara joan beharrik izan gabe egin ahal izango dituzte. Diotenez, Udala informazio teknologikoen munduan sartzeko ahaleginetan “aurrerapauso handia” da, eta, bide batez, zerbitzu “hobea” eta “erosoagoa” emango zaie herritarrei.