Alde Zaharrean bizi den egoera “sostengaezina” salatu du Durangoko Alde Zaharra (DAZ) elkarteak. Baita administrazioaren “utzikeria” ere, hainbat gairen inguruan. Hots-kutsadura, ostalaritza-ordutegiak eta gertaera “bandalikoak”, borroka,hiri-altzarien apurketa… aitatu dituzte, besteak beste, DAZeko ordezkariek.
Hirigune historikoak “bizi duen alegalitate egoerari” dagokionez, administrazioa “lozorrotik” irten dadin deia luzatu diote udalbatzarrari.
DAZeko ordezkariek diotenez, Zarata Maparako egitasmoan batutako proposamenak ez dira bete: “Eta, ez dakigu gaur egun zein egoeratan dauden”. Gogoratu dute, “kasu konkretuetan” oraindino ez dela ostalaritza ordutegia betetzen, eta “gertaera bandalikoek, borrokek, labankadek, hiri-altzari zein autoen atzerako-ispilu hondatzeek zein etenik gabeko garbitasun araudiaren urratzeek” lehengoan jarraitzen dutela.