Hiru astebururako egitaraua aurkeztu dute

Anboto 2009ko mai. 25a, 15:31

Maiatzaren 29an, 20:00etan San Ana elizan hasiko da 2009rako Durangoko Udalak eta herriko 25 elkartek elkarlanean antolatzen duten Euskal Astea. Amillena, Bogoroditsie eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolako abesbatzen emanaldia izango da.

Maiatzaren 29an, 20:00etan San Ana elizan hasiko da 2009rako Durangoko Udalak eta herriko 25 elkartek elkarlanean antolatzen duten Euskal Astea. Amillena, Bogoroditsie eta Bartolome Ertzilla Musika Eskolako emanaldia izango da ekainaren 14ra arte izango den jaialdiaren egitarauko lehenengo proposamena. Horren aurretik, 19:00etan, eta Durangoko Pilotazale elkartean bultzatuta, esku pilota jaialdia izango da Ezkurdi Jai Alai Pilotalekuan.

Hiru asteburutan izango dira, herriko elkarteek proposatu eta antolatutako musika, dantza, arte plastiko, eta besteak beste kirol arloko ekitaldiak. Maiatzaren 29an hasi eta ekainaren 13an amaituko den jaialdian.

Aurrekontu murritzagoa

Astelehenean Udaletxean egindako aurkezpenean nabarmendu dute, “egungo egoera ekonomikoa hartuta, aurrekontua murritzagoa” dela aurten. Guztira, 32.000 euroko aurrekontua bideratuko du Udalak 2009ko Euskal Asterako elkarteek proposatutako ekitaldi eta ikuskizunak finantzatzera. Iazkoarekin alderatuta, 16.000 euro gutxiago aurten.

Udaleko teknikariak nabarmendu duenez, Udaleko sail desberdinek antolatzen zituzten ekitaldiak dira aurten izango ez direnak; herri bazkaria, haurrentzako zezenak dira eta rock kontzerturik ez da izango besteak beste, aurten.

Maiatzaren 30ean izango dena aldiz, Tronperri Dantza Taldeak urtero antolatutzen duen Euskal Dantzen jailadia da: Andra Mariako elizapean, 19:30etan izango dira Zuberoa eta Lapurdiko dantzak.

Ekainaren 2, 4 eta 5ean bestalde, eta Durangoko Kurutziaga Ikastolak, San Jose Jesuitak eta Landako Eskolak antolatuta, haurrentzako egitaraua da Euskal Astean nagusi: joku tradizionalak ekainaren 2an Landako Eskolan, Barriola, San Adriango Azeria filmaren emanaldia eguenean, eta Arrantzaleen inguruko herri kirolak izango dira barikuan, Andra Mariako elizpean.

Egun horretan, ekainaren 5ean, eta ekainaren 6an baita, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako haurrek Aitonaren urtebetetzea operetaren emanaldia egingo dute San Agustin kulturgunean 20:00etan hasita.

Kaleko Pintura Lehiaketa
Maiatzaren 30a da Durangoko Artisten Elkarteak bosgarren urtez antolatzen duen Aire Libreko Margo Lehiaketaren eguna. Goizeko 09:00etan Ezkurdiko Udal aretoan emango dute lehiaketan parte hartu gura duten margolariek, eta 13:00 eta 14:00ak arteko tartea izango dute goizean zehar egindako lanak aurkezteko. Koadroak osatzeko, Durangoko gairen bat oinarri hartuta egitea da lehiaketako baldintza nagusia.

Egun berean, maiatzaren 30ean emango dituzte Kaleko Pintura Lehiaketaren V. edizioko sariak. Sail bitan banatu dituzte sariak; helduena batetik, eta gazte eta haurrena bestetik. Mila euroko lehenengo saria, 750ko bigarrena eta 500eko hirugarrena izango dira helduentzat, eta 400ekoa durangar onen aukeratzen dutenarentzako. Euren margolanak aurkezten dituzten haur eta gazteen artean banatzeko Durangoko dendetan baliagarri izango zaien baleak izango dira. Ezkurdiko Udal aretoan izango da 18:00etan sari banaketa.

Durango Hiria sariketa
Pintura Lehiaketa bezala, Euskal Astearen egitarauaren barnean jasotzen da baita, lehen Berziztu izena zeukan Silboberri elkarteak antolatutako Durango Hiria sarien banaketa. Kaleko Pintura Lehiaketak egitarauaren hasierako egunak hartzen baditu, amaierako ekitaldietako bat da Txistu elkarteak sustatutakoa: ekainaren 13an San Agustinen da hitzordua.

Durango Hiria lehiaketaren bosgarren edizioko sari banaketa ekitaldia izango da, eta kontzertu bi izango dira: 10 konposizio aurkeztu dira aurten lehiaketara. Ekainaren 13an, txistua protagonista izango den emanaldia izango da San Agustin kulturgunean: txistu eta pianoarekin jotzeko  bost lanen estreinaldia izango da lehenbizi, Durango Hiria lehiaketako sari banaketa izango da ondoren, eta bukatzeko, flauta eta pianoa oinarri dituen Duo Icerberg bikotearen emanaldiarekin bukatuko da eguna.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!