Aitziber Irigoras alkateak azaldu duenez, kulturaren eta ikaskuntzaren aldeko “apustu erabakigarria” egin du Udalak: “Artxibo historikoa, wifia, ikasteko lekua, irakurtzekoa edo musika entzutekoa… batzen duen espazioa, baina, bizitzaz, pertsonez, bete behar da. Horrela, kultura sortzeko, kultur berrikuntzarako gunea sortzeko”, gaineratu du.Helburua liburutegi-fondoa 120.000 alera heltzea den arren, Kalebarriko bibliotekak 42.500 liburu inguru batzen ditu bertako apaletan; 4.500 gehiago ditu bestelako fondoetan. Horrezaz gainera, sotoan, dagokien baldintzak bermatuz, 11.000 liburu eta agiri batzen dituen Artxibo Historikoa gordeko dute; kontsultarako lekua ere egokitu dute bertan.
Hainbat zerbitzu
Haur-liburutegia egokitu dute behe-solairuan Kalebarria zein Komentukaletik sarrera daukan liburutegiak; baita hemeroteka eta musika entzuteko lekua ere. Lehenengo pisuan, berriz, liburutegia. Gorago ikasi zein lanerako gelak jarri dituzte, ordenagailuak ez eze, eta azkenekoan hainbat erabilerako lekua atondu.