Hamarkada bete du dagoeneko bazkideen artean bidezko merkataritza produktuak zein jaki ekologikoak zabaltzen dituen Marisatsa elkarteak. Horretaz arduratzen dira batez ere; izan ere, orain dela gutxi arte ez zegoen banaketa-merkatu zehatzik produktu horietarako, jakin eragin dutenez.
Hala ere, bestelako arloetan ere lan egiten dute. Horrela, nekazaritza ekologikoaren printzipioetan oinarritutako jakiak aukeratuz, “lurraren osasunari laguntzea” du helburu produktu ekologikoen eta bidezko merkataritzaren kontsumorako Durangaldeko elkarteak. Horretaz gainera, tokiko nekazaritza-merkatua eta “herriekiko eta izadiarekiko errespetua ekarriko duten produktuen kontsumoa” sustatu gura dituzte.
Lurraren erabilera “egokia”
Lurrarekiko errespetua, ezagutza eta erabilera “egokia” sustatzeko jarduerak antolatzeko sortu zuten Marisatsa, eta osasunari zein bizitza osasuntsuari buruzko informazioa zabaltzeko (berbaldiak, argitalpenak…). Tratamendu kimikorik eta pestizidarik gabeko nekazaritza bultzatu gura du elkarteak, kontsumitzaileen interesak defendatuz, eta dirua eta baliabideen erabilera solidario eta kontzienteagoa bultzatuz.
Durangon, Gallanda kalean dute egoitza (12-B, behea 3). Martitzen eta eguenetan 19:00etatik 21:00etara dago bazkideentzat zabalik; eguaztenetan, egun osoan (11:00-13:00 / 18:00-21:00).