Eztabaidari traba jarri diote

Anboto 2009ko mar. 27a, 12:09

Edukiarekin ados agertu arren, urgentzia aitortu ez eta PSE-EEk enpleguari buruz aurkeztutako mozioa eztabaidatzea trabatu dute EAJ eta PPk. Zinegotzi baten faltan eta alkatearen kalitatezko botoarekin bota zen atzera INEM Toki Udalbatzak egitasmoaren baitan jasotako diru-laguntzak eskatzea batzen zuen mozioa.

Edukiarekin ados agertu arren, urgentzia aitortu ez eta PSE-EEk enpleguari buruz aurkeztutako mozioa eztabaidatzea trabatu dute EAJ eta PPk. Zinegotzi baten faltan eta alkatearen kalitatezko botoarekin bota zen atzera INEM Toki Udalbatzak  egitasmoaren baitan jasotako diru-laguntzak eskatzea batzen zuen mozioa.

Aitziber Irigoras alkateak gogoratu moduan halako”gizasemeen ituna” egon da Durangon, legediak eta erregelamenduak  esandakoari ez eustekoa, “gure arteko hartu-emanak biguntzeko hobea zela ikusita”. Itun hori, baina, aurten, PSE-EEk birritan apurtu duela adierazi du Irigorasek: “Ezin digute orain bete ez dutena eskatu eta ez deritzogu udalbatzarrean aztertzeko moduko urgentzia duenik mozioak, bizi dugun egoera larria eta pisuzko arazoa dela aitortu arren”. Astelehenean gaia Ogasun Batzordean aztertzen hastekoa dela adierazi zuten.

INEM Toki Udalbatzak egitasmoari heltzeko deialdia martxoaren 17an kaleratu zen,  biharamunean indarrean sartuz. Interes orokorreko obra edo zerbitzuak aurrera eroateko langabetuen kontratazioaren lan-kostuak finantzatzeko diru-laguntza eskaria egiteko epea hilabetean amaitzen dela arrazoitu du PSE-EEk urgentziarako, EAJk, aldiz, gaia begiratu eta aztertzeko oraindino hiru aste geratzen direla dio.

"Harrituta"

“Harrituta” hartu dute arrazonamendu hori sozialistek, 10 urtean halakorik gertatu ez dela gogoratuz: “Hala ere, ulertzen dugu. Izan ere, iaz, Durangalde osoko herriek egin zuten eskaera, Durangok ezik; datu lez, Elorrio, Zornotza eta Ermuak batera 105 lanpostu sortu zituzten laguntzon bitartez”. Gaiarekiko Gobernu Taldearen “sentsibilitate nulua” erakusten du horrek sozialistentzat. “Durango ematen du diru-laguntza horren gainetik dagoela”.

Durangon 1.329 langabetu daudela dio PSE-EEk —EUSTATek 2009ko otsailaren 28an argitaratutako INEMen datuak dira—; iaztik hona langabezia %85 igo da. “Egoera hau,  baina, ez ei da larria, ez da lehentasunezkoa”. EAJk, berriz, egoera “zinez larria”  dela nabarmendu du, baina, mozioa bestelako arrazoiengatik aurkeztu dutela: “Hainbat familiak bizi duten egoera dramatikoa norberen interesen alde erabiltzea da tristea”.

Gobernu Taldearen “pasibotasunaren aurrean eskuak gurutzatuta” geratzerik ez dutela azaldu du PSE-EEk udalbatzarra amaituta egindako agerraldian. “Lanpostuak sortzeko eraikuntza-proposamena” egin dela nabarmendu dute: “Laguntza garrantzitsuak ematen ditu INEMek enplegu politika aktiboak garatzeko eta langileen formaziorako, indar berezia jarriz sektore ahulenengan. Udal honek ez dauka lehentasun edo ardurarik enpleguarekiko”.

PPren jarrerari ere “ulertezina” deritzo PSE-EEk eta diru-laguntzak eskatzen ez badira jeltzale eta popularren erantzukizuna izango dela nabarmendu dute. Diote enplegua sortzea dela interes bakarra. Bestalde, Aitziber Irigorasek alkate daroan urtearen balorazio egitean “akordioetara heltzeko gutxieneko ahalegina eginez aurrekontu luzapen bi” eta “milioi bi eurotik gora garestitutako herri lanak” nabarmendu dituzte; “ez dihardute inolako politikarik gidatzen”.
Europako Batasunak lagundutako diru-laguntzak dira INEM kudeatzen dituenok: “Enplegua sortzen dute herriari zerbitzua emanez, eta soldatak ehuneko ehunean ordaintzen dituzte”. Mozioan eskaria egitea ez eze, interes orokorreko obra edo zerbitzuak adostea eskatzen zuten sozialistek, era berean, krisiari aurre egiteko batzordea sortzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!